Mintzalagun programan jardun dutenek elkarrekin agurtu dute ikasturtea

Berriketan 2022ko uzt. 27a, 11:00

Zuhatza Euskara Elkarteak dinamizatutako mintzalagun taldeek uztailaren 5ean eman zioten amaiera 2021-2022 ikasturteari. Hilabeteotan egindako lana biribiltzeko, talde ezberdinetan jardun diren zenbait kide Lorea tabernan bildu ziren, iluntze partean, elkar ezagutu eta guztiek batera mokadu bat jan eta tarte atsegin bat pasatzeko. Bide batez, ikasturteak emandakoaren inguruko balorazioa ere egin zuten.

Iazko urrian hasi eta ekainera bitartean, astero-astero hitzorduak egin dituzte Zuhatzako mintzalagunek (lau taldetan banatuta, bakoitza bere dinamika eta ordutegiarekin). Urtero bezala, uda partean atseden hartuko dute, eta datorren ikasturtean elkartuko dira berriz ere egitasmoaren edizio berriari ekiteko.

Mintzalagun egitasmoa posible egiten duten parte-hartzaile guztiei eskerrak eman nahi dizkie Zuhatzak. Bide batez, datorren ikasturtera begira, herritarrei animatzeko deia egin diete dinamizatzaileek. Urrian zabalduko da izen-ematea.