Mintza Eguna ospatuko da Hendaian igandean

Berriketan 2022ko eka. 3a, 12:05

Euskal Herriko Mintzalagun eta euskaltzale guztiak gonbidatuta daude ekainaren 5eko jaira, antolatzaileek nabarmendu bezala, harreman berriak sortzeko eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutzeko aukera bikaina da eta. Probatu ez duenak ez daki zer den hau! lelopean egingo da aurtengo Mintza Eguna.

Hogeita hamar urte betetzear dira Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak lehen mintzalagun taldeak martxan jarri zituenetik, eta gaur egun 6000 pertsonatik gora elkartzen dira Euskal Herri osoan astero euskarazko mintzapraktika egiteko; beste 1000 aritzen dira sarean. Azken bi urteetan sarea izan da momentu batzuetan elkartzen jarraitzeko aukera eman duena, eta asko handitu da parte hartzea. Hain zuzen, Mintza Egunean izango dira Mintzanet edo Jalgi Hadi Mundurako sareen bidez mintzapraktika egiteko elkartzen diren kideak ere, Munduko Mintzalagunen Topaketan.

Berrikuntza horretaz gain, aurtengo Mintza Egunak badu beste gehigarri bat ere. Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Gorrak federazioak pilotaje bat jarri dute martxan pertsona gor eta entzumen urritasuna duten pertsonek euskara praktikatu dezaten eta Mintza Egunean zeinu hizkuntzako interpreteak izango dira.

Jadanik lortu da Mintzalagunen sarea Lapurdira ere zabaltzea, Mintzaian elkartearen eskutik. 2015etik dihardute Hendaia euskalduna eta euskaltzalea bihurtzen, hainbat ekintza antolatuz, eta momentu honetan hiru mintzalagun talde dabiltza martxan bertan.

Ekitaldiaren antolatzaileek mintzalagunen jarduna txalotu dute, “sekulako ekarpena egiten diozue euskalduntzeari: taldean elkarrekin euskaraz arituz eta ohitura hori ingurukoengana zabalduz, hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko aukerak zabalduz. Horregatik, Hendaiako esperientzia baliagarria izan daiteke Lapurdiko beste herrietan ere egitasmoa martxan jarri eta iparraldeko euskalduntzean eragiteko”.

Ekainaren 5ean, igandean alegia, Euskal Herriko txoko guztietara zabalduko da, beraz, MintzaPoza praktikatzeko deia eta mingainak gustura astintzeko moduko egitaraua dago prest. Dei egiten dute antolatzaileek Mintza Egunean parte hartzera. Dei egiten diote mintzapraktika zer den ezagutu nahi duen orori, euskaraz praktikatzeko aukera bila dabilenari, bere herrian euskaraz gehiago egin dadin eragin nahi duenari, ondo pasatu nahi duenari…

Autobusak ere antolatu dituzte, eta Elgoibartik pasako da horietako bat.

Mintza Eguneko egitaraua

-12:00. Ongi etorri ekitaldia, txistulariekin eta Gaztelu Zahar abesbatzarekin.

-12:30. Aperitifa. 

-13:00. Hendaia ezagutzeko bisita gidatuak. 2 bisita gidatu egiteko aukera izango dute bertaratuek, bat tren txikian eta bestea Andoni Etxarrirekin.

-14:25. Bertsolariak.

-14:30. Bazkaria. 

-16:00. Haurren txokoa. Hainbat adin tartetako haurrek esperimentazio eta sormenerako aukera izango dute bazkal ondoren.

-16:15. Esker emate ekitaldia eta munduko mintzalagunekin topaketa. Urtero bezala, mintzalagun talde batzuk omenduko dira. Horrez gain, munduko hainbat txokotatik jaira batuko diren euskaldunekin bat egingo da bazkal ondoren.

-16:30. MintzaPoza jolasa. 

-17:00. Erromeria Imuntzo eta Belokirekin.

Debako mintzalaguna proiektuan parte hartu nahi duenak hemen aurkituko du bete beharreko formularioa.