ELKARRIZKETA

Merche Unanue: “Bi kultura desberdin eta aldi berean osagarri aprobetxatu ahal izateko zortea daukagu”

Berriketan 2021ko aza. 3a, 11:32

Merche Unanuek 64 urte ditu egun, baina 23rekin hizkuntzak ikasteko grinak Zurichera eraman zuen. Laster, ezkondu, bi seme izan eta Suitza hartu zuen bizitoki. Zuzendari laguntzaile aritu da lanean eta egun jubilatuta dago. Maite du Deba eta oraintsu egon da bertan. Gustuko du bidaiatu eta herrialde eta kultura desberdinak ezagutzea.

Non bizi zara? Zergatik edo nolatan?
Nyonen (Suitza) bizi naiz. Nyon Leman lakuaren ertzean dago, Suitzako alde frantsesean, Genevatik 23 km-ra. 24.000 biztanle inguruko hiria da, erromatar aztarna ugariduna, eta Mont Blanc ikusten da bertatik.

Zerk eraman zintuen horra?
Orain dela 41 urte, urtebeterako Zurichera (Suitza alemaniarra) joan nintzen alemaniera ikastera. Han nire senarra ezagutu nuen eta ingelesa ikasteko Londresera joateko asmoa banuen ere, nire planak erabat aldatu ziren. Bertan ezkondu eta gure bi semeak jaio ziren.

Kontatuko diguzu nolakoa den zure eguneroko bizitza?
Jubilatuta nagoenez, egunerokoa gozatzen saiatzen naiz: familia, lagunak, eta, bereziki, korrika ez ibiltzeaz, hori da gehien baloratzen dudana.

Espero zenuen bezalakoa da? Zerk harritu zintuen?
Zurichera iritsi nintzenean, 1980ko otsailean, hotz handia egiten zuen hiria iruditu zitzaidan eta ordura arte ezagutzen nituenen oso bestelakoa. Zorionez, frantsesez hitz egiten nuenez Parisen bi urtez bizi izan nintzelako, jende dezenterekin komunikatu nintekeen, suitzar gehienek zenbait hizkuntza hitz egiten dutenez.

Zure egunerokoan euskarak zein leku du?
Ez daukat euskaraz hitz egiteko edota entzuteko aukerarik hemen, Suitzan etorkin asko egon arren ez direlako, bereziki, euskaldunak.

Bertako hizkuntzarik ba al dago hor? Hizkuntza txikirik edo?
Suitzan, zortzi milioi biztanle baino gehixeagoko herrialdea, lau hizkuntza hitz egiten dira: alemaniera, frantsesa, italiera eta erromantxera, hizkuntza latindarren nahasketa.

Zer eramango zenuke horra Debatik? Eta zer ekarriko?
Debatik nire sustraiak eta bizipenak, semeei transmititu dizkiedala uste dudanak, eramango nituzke. Umeok gure jolasekin kalean geneukan askatasun hori, dantza-klaseak Txaro Garaterekin eta txistuarenak bere anaia Jose Antoniorekin, biei ala biei izugarri eskertzen diet hainbeste oroitzapen on. Don Anastasio apaizarekin egiten genituen txangoak, hainbeste gozatu nituen San Roke jaiak…
Suitzatik lanbide ikasketarako sistema ekarriko nuke, gaur egun munduko zati handi batean erreferente dena.

Debara bizitzera bueltatuko zarela uste duzu?
Nire senarra eta biok Deban hilabete batzuk eta Suitzan, semeak eta lagunetako batzuk ditugun lekuan, beste batzuk bizitzeko konpromisoa hartua dugu. Bi kultura desberdin eta aldi berean osagarri aprobetxatu ahal izateko zorte handia daukagu.

LABURREAN
  • Paisaia bat: Arriola baserritik (nire ama jaio zen lekua) dauden bistak
  • Usain bat: Tojaren Magno xaboiarena
  • Zapore edo jaki bat: Iñaxioko txuletak eta marmitakoa
  • Gustuko dut… Tolerantzia eta izpiritua zabaltzea
  • Ez dut gustuko… Errespeturik eza
  • Amets bat: Itsasora begira dagoen etxebizitza bat izatea