Maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa toki itxietan, salbuespen batzuekin

Berriketan 2022ko api. 20a, 12:38
Osasun zentroetan, zahar-etxeetan, farmazietan eta garraio publikoan musukoa erabiltzen jarraitu beharko da Hego Euskal Herrian, gainerako leku itxietan ez. Lantokian, enpresetako lan osasuneko prebentzioko arduradunen esku egongo da azken erabakia. Txertaketa kanpainen “erantzun ona” eta adierazle gehienek erakusten duten “arrisku apala” arrazoitu dute erabakia hartzeko orduan.

Espainiako Ministroen Kontseiluak barrualdeetan maskarak erabiltzeko derrigortasuna kentzeko testua onartu zuen atzo eta, ondorioz, aldaketa ekarri duen dekretua gaur sartu da indarrean. Araudi berri hori oinarri, “salbuespen” egoera jakin batzuetan bakarrik erabili behar da maskara, pertsonarik “zaurgarrienak” babesteko.

Hauek dira “salbuespenak”, gaur-gaurkoz. Batetik, osasun zentroetan ezinbestean erabili beharko dira maskarak oraindik ere: erietxeetan, osasun zentroetan, transfusio zentroetan eta botiketan maskara jantzita eraman beharko da beti (leku horietan lan egiten dutenek eta bisitariek jantzi beharko dute; pazienteak libre egongo dira). Maskara ezinbestekoa izango da zentro soziosanitarioetan ere; esaterako, zahar etxeetan (halako tokietan ere bisitari eta langileek bakarrik erabili beharko dute). Garraio publikoan ere erabiltzen jarraitu beharko da; kasu horretan, geltoki eta antzekoetan ez da jantzi beharko, soilik garraiobideen barrurako erabakia baita.

Lantokiei dagokienez, dekretuak ez du gehiegi zehazten (ahapaldi bakarrean azaltzen du), eta honakoa baino ez du ezartzen: “Oro har, ez da derrigorrezkoa izango maskarak erabiltzea”. Hala ere, beste hau ere eransten du: “Laneko arriskuen prebentzioaren arloko arduradunek, lanpostuaren arriskuen ebaluazioarekin bat etorriz, lantokian edo lantokietako gune jakin batzuetan ezarri beharreko prebentzio-neurri egokiak zehaztu ahal izango dituzte, maskarak erabili ahal izatea barne, ebaluazio horretatik hala ondorioztatzen bada”.

Espainiako Gobernuaren testuak ez dio inongo erreferentziarik egiten hezkuntza arloari. Carolina Darias Osasun ministroak nabarmendu zuenaren arabera, nolanahi ere, eskoletan ere ez da maskararik eraman behar.