Martxoaren 12an jokatuko da urteko lehen Emakumezkoen Pala Azkarra Txapelketa

Berriketan 2023ko mar. 7a, 14:28

M8aren bueltako ekitaldiekin bat eginez, urteko lehenengo Pala Azkarra Txapelketa antolatu du Iruleak Emakume Pilotarien taldeak.

Martxoaren 12an jokatuko da jardunaldi bakarreko binakako pala txapelketa azkarra eta antolatzaileek, ohi modura, bertan parte hartzeko dei zabala egin dute. Zehaztu dutenez, Aldats pilotalekuan goizez jokatuko dituzte norgehiagoka guztiak.

Bertan parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute 685 75 50 74 telefono zenbakira deituta edo idatzita. Txapelketa binakakoa bada ere, izen ematea bakarka egin behar dela jakitera eman dute antolatzaileek. Aurrelari edo atzelari bezala jokatu nahi duten zehaztu beharko dute parte hartzaileek eta, ondoren, zozketa bidez osatuko dira bikoteak. Gogorarazi dute martxoaren 8a dela izena emateko azken eguna.