Martxan da “Bastiñuixan” egitasmoa, kalean eta parkeetan euskararen erabilera handitzeko

Berriketan 2022ko mar. 28a, 11:45

Debako Udalak eta Urtxintxak “Bastiñuixan” izeneko egitasmoa jarri dute martxan. Kalean eta parkeetan euskararen erabilera handitzea du helburu.

Egin dira dagoeneko lehendabiziko bi saioak; martxoaren 15ekoan, adibidez, hamarnaka ume aritu ziren bi adin-tarteetan Urtxintxako bi jolas dinamizatzaileren laguntzaz zumardiko kiosko parean. Martxoaren 29an, bihar, eta apirilaren 5ean izango dira hurrengo saioak, eta leku berean egingo dira horiek ere (euria bada, Ifar kaleko eskolako patioan).

Bi programa eskainiko dira. Batetik, Zabu Zibu (16:30etik 17:30era); 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da, beraz, behar-beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin joatea eta jolastea. Bestetik, Txirrintxon (17:30etik 18:30era); 6-9 urte bitarteko haurrentzat.

Egitasmoaren antolatzaileen esanetan, “jolasa, ekintza askea izateaz gain, ezagutzak oharkabean jasotzeko tresna ezin hobea da, hizkuntza barneratzeko tresna, besteak beste. Alde batetik, hizkuntza formala lantzeko erabil daitekeen teknika da; baina, batez ere, hizkuntza ez formala sustatzeko da baliagarria. Hau da, euskara kalera ateratzeko modu bat da: abestiak, esamoldeak, hiztegia…”.

Helburu nagusiak
Hiru helburu nagusi ditu programak; familiei eta haurrei euskaraz jolasteko baliabideak eskaintzea, familiak eta haurrak euskararen inguruan biltzeko guneak sortzea, eta jolasguneetan euskararen presentzia areagotzea.