Mariskada zozkatuko du bihar Zuhatzak

Berriketan 2022ko mai. 13a, 09:00

Bigarren urtez jarraian, Zuhatza Euskara Elkarteak sei lagunentzako mariskada zozkatuko du Debarren Egunaren bezperan. Eguerdian jarriko du salmenta-postua udaletxeko arkupeetan, bizpahiru orduz, eta bertan salduko dira zozketarako boletoak. Egunean bertan iragarriko da irabazlea eta 24 orduko epean jaso beharko du saria.

Eguerdian hasi eta 15:00ak bitartean, gutxi gorabehera, Zuhatzako kideak udaletxeko arkupeetan izango dira. Bertan, Euskeraz Bagera ekimenerako Katxaloterekin elkarlanean ateratako kamisetak eta Gazte Asanbladarekin sortutako Bagera garagardoa izango dira salgai eta, besteak beste, elkarteko bazkide egiteko aukera ere eskainiko dute.

Gainera, iaz egin bezalaxe, mariskada zozkatuko du euskara elkarteak; sei nekora, 30 otarrainxka, 450 gr. karrakela, 450 gr. lanperna, 18 ganboi, buia bat eta bi txangurroz osatutako mariskada izango da jokoan, eta ardo txuria ere eramango du opari irabazleak. Boletoak euro batean salduko dira, Foruen plazan, eta zozketa 15:00etan egingo da, postuan bertan. Irabazleak 24 orduko epea izango du marisko egosia jasotzeko; epe horretan agertuko ez balitz, ordezko zenbakiaren jabeari emango zaio saria.