Maiatzaren 19tik 28ra bitartean ospatuko da Europako Geoparkeen Astea

Berriketan 2023ko mai. 16a, 08:30

Zientzia, natura eta kultur ondarea ardatz hartuta, egitarau “anitza eta gozagarria” antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Deban, Mutrikun, Zumaian eta Zestoan egingo dira jarduerak.

Historiaurreko Bailara ezagutzeko ibilaldi interpretatua, bisita gidatuak, Geotalks emanaldia, landa-irteera eta Zazpi Hondartza, Zazpi Bertso bisita gidatu berezia antolatu ditu Geoparkeak, besteak beste, egun gutxi barru abiatuko den 14. Europako Geoparkeen Astearen baitan.

Ekimena maiatzaren 19an hasi eta 28ra bitartean egingo da, Deban, Mutrikun, Zumaian eta, estreinakoz, Zestoan. Ohiko legez, gainera, egitasmoa aldi berean ospatuko da Europan gaur egun dauden gainontzeko 94 geoparkeetan. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, “tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburua” du Geoparkeen Asteak.

Bi astebukaera hartuko ditu egitarauak (hemen duzue ikusgai). Egingo diren jarduera guztiak doakoak izango direla azaldu dute antolatzaileek.