Maiatzaren 14an izango da Udalerri Euskaldunen Eguna, Seguran

Berriketan 2022ko mai. 3a, 08:31

Seguran izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 14an (larunbata). Lau urteren ondoren, Euskara aiden! lelopean egingo da udalerri euskaldunen lana ospatzeko topaketa. Segurako Udala, herriko eragileak eta UEMA buru-belarri ari dira egunaren nondik norakoak antolatzen.

2018koaren ondoren, duela bi urte egitekoa zen Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran, baina atzeratu egin behar izan zen pandemiaren ondorioz. Azkenean, maiatzaren 14an izango da aukera aldarrikapena eta festa uztartzeko, arnasguneek euskararen normalizazioan egiten duten ekarpena nabarmendu eta elkarlanean bidea egiteko.

UEMAko herriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna. Betiko legez, egun osorako egitarau zabala izango da eta, ohi bezala, UEMAren batzar nagusia ere egingo da Seguran bertan. Datozen egunotan emango dituzte egitarau osoaren inguruko xehetasunak, eguneko kanta eta bideoa aurkeztearekin batera.