Lukax Dorronsorok gaztelaniazko literaturako hainbat klasiko ekarri ditu azken hiru urte hauetan euskarara

Berriketan 2022ko eka. 8a, 09:05
Aspaldikoa du itzultzaile afizioa Lukax Dorronsorok, eta irakasle aritu zen sasoian lanarekin, Goaz antzerki taldeko kide izatearekin eta, oro har, antzerkigintzarako afizioarekin uztartu ohi zuen edozein motatako testuak zein literatur lanak itzultzeko grina. Itzulpenez gain zuzentzaile-lanetan ere aritu izan da Berriketan aldizkarian hura sortu zenetik, baita albisteen erredakzio-lanetan ere. Beti euskarari eta letren munduari lotuta bizi izan da, alegia.

Urte mordotxoa da Dorronsoro jubilatu zenetik eta ordutik denbora gehiago eskaini dio itzulpenak egiteari. Horrela, azken bospasei urteetan zortzi literatur lan itzuli ditu euskarara; horietako hiru, azken hiru urteetan itzulitakoak, argitaratuta ditu, eta, azkena, argitaratze bidean.

Lorca, Arakistain, Samaniego eta Castro

Argitaratutako itzulpen-lanen artean honakoak daude: 2021ean Arimako olerkiak, Federico García Lorcarena; 2020an Laura, Juan Benantzio Arakistainena; eta 2019an Eskola olerkiak, Samaniegoreneko Felix Mariarenak.

Argitaratu gabe baina dagoeneko argitaletxean du une honetan Olerki bilduma, Rosalía de Castrorena. Azken urteetan itzuli eta argitaratu gabeen artean, berriz, honakoak ditu: Aukerako olerkiak, Rubén Daríorena; Olerkiak, Antonio Machadorena; Olerkiak, Pablo Nerudarena eta Olerki hautatuak, Mario Benedettirena.

Nabarmentzekoak dira, bestalde, lehentxeago itzuli zituen beste lan hauek ere: 2007an Eredu nobelak I eta Eredu nobelak II, Miguel de Cervantesenak, eta 2008an Sonetoak, Francisco de Quevedorena.

Hiru itzulpen horiek Hiria argitaletxeak plazaratu zizkion. Azken lanak, berriz, autoekoizpenez inprimatu eta argitaratutakoak dira.

Horietako hainbat poesia dira, errima eta neurriak zaindu beharrak dakarren zailtasun gehigarriarekin.