Ludoteka egiteko prozesua abiatuko du udalak, herritarrentzako saio irekiak antolatuta

Berriketan 2023ko mar. 20a, 12:54

“Nolako ludoteka nahi duzu Deban?” galdera abiapuntutzat hartuta, herritarrentzako saio irekiak egingo ditu udalak martxoaren 23an eta 31n. Dinamika bera izango dute bi hitzorduek.

Debako Udalak nabarmendu bezala, herrian “aspaldidanik identifikatutako beharra da ludoteka zerbitzuarena. 12 urte arteko haurren aisialdi hezitzailearen hutsunea nabarmena da, eta azken urteotan erabat gailendu da behar hau”. Hori hala, ludoteka egiteko proiektu zirriborroa landuta du udal gobernuak, eta herritarrekin zerbitzu honen zehaztapenak finkatu nahi ditu orain, “partaidetzaren eta herri hezitzaileen filosofiari jarraituz”.

Egungo Turismo bulegoa Simon Berasaluze plazara mugituta, Ifar kaleko 4. zenbakian dagoen lokala hutsik geratuko da, eta ludoteka hor kokatzea aurreikusten du udalak. “Espazio irekia izanik, gune ezberdinak antolatzeko aukera ematen du. Gainera, Haur Hezkuntzako eraikinaren ondoan dago, eta txikienek ikastetxeko kanpo espazioa erabilgarri izateko aukera ere aztertu nahi da”, azaldu du. 

Nolanahi ere, argitu du herriko gurasoekin, haurrekin eta gainontzeko herritarrekin egin nahi dutela lanketa hori. “Zerbitzu hezitzaile honen izaera, ordutegiak, espazioaren antolaketa eta abar definitu nahi dira herritarrekin”.

Helburu horrekin antolatu dituzte, hain justu, herritarrentzako saio irekiak. Lehena martxoaren 23an, ostegunean, izango da, 18:00etan, eta bigarrena, berriz, martxoaren 31n, 13:30ean. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo dira saioak eta antolatzaileek azaldu dute dinamika bera izango dutela bi hitzorduek; “hortaz, batera edo bestera joatearekin nahikoa izango da”.