Luca Ricci italiar-euskaldunarekin solasaldia egingo da gaur Kultur Elkartean

Berriketan 2022ko api. 5a, 13:08
Aurrera darrai Korrika Kulturalaren programazioak gurean. Gaur, 18:00etan, Korrika Batzordeak eta Zuhatza Euskara Elkarteak antolatutako solasaldia egingo da Kultur Elkarteko liburutegian, Erromatik iritsi berri den Luca Riccirekin. Saioaren ondoren luntxa ere eskainiko zaie bertaratzen direnei.

22. Korrika iristeko bi egun baino ez dira gelditzen dagoeneko eta azken txanpan sartuta dago ekimen herrikoiaren atarian antolatu den Korrika Kulturalaren egitaraua bera ere. Etzi (osteguna), Korrika guretik igaroko den egunean hain zuzen, egingo dira ekintza jendetsuenak Deban eta Itziarren, arratsaldean hasi eta gauerdira bitartean. Gaur, nolanahi ere, hitzordua jarrita dago Kultur Elkartean, Erromatik zuzenean Debara etorri berri den Luca Ricci italiar euskaldunarekin.

Erromako alde zaharrean jaioa, Riccik harreman estua izan du Euskal Herriarekin azken urteotan. Hemengo hizkuntza eta kulturaz maitemindu zen, hainbat aldiz etorri zen bisitan eta Bilbo hartu zuen bizileku urtebetez. Bertan ikasi zuen euskaraz hitz egiten, bere kabuz, eta hizkuntza praktikatzen jarraitzen du oraindik ere, Erroman bizi den arren. Izan ere, Erroman euskaraz proiektua sortu eta gida turistiko lanetan dihardu gaur egun, euskaldunei bere hiria beste era batera ezagutzeko aukera emanez.

Bere esperientzia eta bizipenak ezagutzeko aukera izango da gaur arratsaldeko solasaldian. Riccik Korrikaren lekukoa eramango du bi egun barru Deba eta Itziar arteko ibilbideko tarte batean.