‘Loreak belaunetan’ dokumentala eskainiko dute urtarrilaren 12an Itziarko Burugorri aretoan

Berriketan 2023ko urt. 10a, 12:26
Euskal Herrian euskaraz sortzen duten zazpi gazteren ahotsak batu ditu Lanartea elkarteak Loreak belaunetan dokumentalean. Proiekzioaren ostean, solasaldia egingo dute egileek Itziarren.

Barruan giro! neguko kultur programaren baitan antolatu dute Itziarren Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentalaren proiekzioa. Ostegunean, hilaren 12an, izango da emanaldia, 19:30ean, Burugorri aretoan. Bertan, ikus-entzunezkoaren egileak ere izango dira, bertaratutakoen aurrean lana aurkeztu eta ondorengo solasaldian parte hartzeko.

Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak prestatu du dokumentala, euskal kulturgintzan lanean diharduten gazteei ahotsa emateko helburuz. Ondoko hauek ditu protagonista: Oihana Arana poeta eta bertsolaria; Amets Aranguren musikaria; Kattalin Barcena artista plastiko eta musikaria; Dom Campistron irudigilea; Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabarista; Iker Maguregi zinemagile eta musikaria, eta Maddi Ane Txoperena kazetari, idazle eta bertsolaria.

Lanartea elkarteko kideek horrela laburbildu dituzte dokumentalaren nondik norakoak:Zer izan nahi duzu handitan? Zaharra da galdera; erantzunak aldatuz joan dira garaiz garai. Handitan artista izan nahi ote zuten dokumental honetako zazpi protagonista gazteek? Handiagotan ere kultura egiten eta interpretatzen ikusten al dute euren burua? Beren ametsak, ekinak eta ezinak aletuz, gure kultur munduaren nolakoaren eskema zirriborratu dute zazpiron artean, baita etorkizuneko erronkena ere”.

Ideia eta elkarrizketak Amagoia Gurrutxagak zuzendu ditu. Ekoizpen propioa da, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren laguntzarekin egina, eta 39 minutu inguruko iraupena du.