LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egiten duen adierazpena plazaratu du udalak

Berriketan 2023ko mai. 18a, 13:44
LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen asteazkenean (maiatzak 17) eta horren harira adierazpena kaleratu zuen udalak; dokumentua apirilaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak.

Debako Udalak ere LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguneko aldarrikapenekin bat egin du. Egun horretan, hain zuzen ere, Osasunaren Munduko Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an homosexualitatea gaixotasun psikiatrikoen zerrendatik kendu zuela ospatzen da, eta kaleratutako adierazpenarekin argi utzi nahi izan dute udalerrian ez direla jarrera LGTBIfobikoak onartzen.

1990etik jendartean edo legegintzan gaiari buruzko aurrerapauso batzuk eman badira ere, oraindik ere bide luzea dagoela egiteko dio testuak. “Zoritxarrez, lesbiana, gay, bisexual, transexual, intersexual eta beste hainbaten eskubideak ez dira oraindik ere bermatzen, eta euren aurkako diskriminazioari aurre egiten jarraitu behar dugu gutako bakoitzak”.

Udaletik ohartarazi dute ez dutela “bazterkeriarik nahi, ez eta indarkeriarik, aurreiritzirik edota gorrotorik ere”. Eta azpimarratu dute “herritar libreak” nahi dituztela, “berdintasunean eta errespetuan” oinarritutako jendarte batean, “norberak bere sexualitatearen, sexu identitatearen nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun osoa izan behar duelako”.

Hori guztia kontuan hartuta, lau puntuko adierazpen instituzionala kaleratzea adostu du udalbatzak. Honakoak:

  1. Orientazio sexualean eta genero identitatean oinarritutako diskriminaziorik ez duela onartzen, ez eta indarkeriarik ere.
  2. Lesbiana, gay, transexual, bisexual, transgenero eta intersexualek euren adierazpen afektibo-sexualak askatasun osoz bizitzeko eskubidea dutela.
  3. Euskal gizarte inklusiboa eta askotarikoa aldarrikatzen duela, justuagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa bilakatu dadin.
  4. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu-orientazio eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko duela, askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzeko helburuarekin.