Lesboserako janari-bilketa solidarioa egiten dihardute Debabarrenean

Berriketan 2022ko api. 25a, 15:51

Greziako errefuxiatuentzat janaria biltzen ari da aurten ere Zaporeak elkartea, Debabarrenean abiatu berri den kanpainan. Oraingo honetan ere herri bakoitzean produktu konkretu bat batuko dute, herritarren laguntzarekin: Deban eta Ermuan ale biribileko arroza jasoko da, Eibarren pardina dilista, Elgoibarren garbantzu pedrosillanoa eta Mallabian eta Soraluzen hodi erako makarroia.

Aurtengo erronkan iaz batutakoa gainditu nahi da eta, hori lortzeko, enpresa, ikastetxe eta bestelako kolektiboak zein herritarrak gaurtik ostiralera bitarte egingo den bilketa honetan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Deban, ale biribileko arroza ondoko puntuetan jasoko da: Arbil jubilatuen elkartea, Lizaso, Eroski, Mendata BHI eta, ostegun eta ostiralean, 18:00etatik 20:00etara, udaletxeko arkupeetan.

Kanpaina ixteko ekitaldia, berriz, larunbatean izango da Eibarko Errebal Plazan; Tuper solidarioa izeneko ekimena eta hori girotzeko egitaraua antolatu dituzte apirilaren 30erako. Goizean emango diote hasiera programazioari. 14:00etatik 15:00etara, esaterako, tupper solidarioak banatuko dituzte: dilistak bakailaoarekin eta arroza oilasko lumagorriarekin sartuko dituzte tupperrean eta fruta pieza bat ere salduko dituzte, 5 euroan. Goizean zehar, berriz, rifak saltzen ere egongo dira Untzagan Zaporeak elkartearen arropak saltzeko ipiniko duten dendan, baita Errebal Plazan ere.

Kontu korronte bat ere jarri dute herritarren eskura, nahi duenak diru-ekarpenak egin ditzan: ES53 2100 2724 81 0100663988 (Caixabank).