Laura Ruiz de Pablok egindako kartelak iragarriko ditu 2022ko San Rokeak

Berriketan 2022ko uzt. 19a, 12:00

Aurten lehen aldiz herritarren iritzia ere kontuan hartu du Debako Udalak San Roke jaiak iragartzeko kartela hautatzerakoan. Epaimahaiak aldez aurretik aukeratutako lau kartelen artean hautatu dute herritarrek irabazlea botoa emanez.

Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egon ziren kartelak ikusgai, uztailaren 8tik 12ra, eta bertan eman zuten bozka 143 herritarrek. Laura Ruiz De Pablok egindako Prom, prom, prom, aurten bai!! kartelak irabazi du azkenean lehia, botoen % 53 eskuratuz.

Horrela geratu dira lau lan aukeratuak, boto kopuruen arabera: lehenengoa, Prom, prom, prom… aurten bai!!, Laura Ruiz De Pablorena (Deba); bigarrena, Danborren jira, Mara De Maria Hebreorena (Deba); hirugarrena, Tamborrada de tradición Jose Angel Ligero Martinezena (Zaragoza); eta, laugarrena, Tarinak deitzen digute Ana Salegi Egañarena (Deba).

Epaimahaiak aukeratutako lau kartelak ikusi nahi izanez gero, hemen daude ikusgai.