Lasturren aurkeztuko dute Arnasguneak antzerki-beka irabazi duen ‘Intxaurra’ antzezlana

Berriketan 2023ko urt. 25a, 14:13

Lesakako Mairu Antzerki Tailerrak larunbatean (urtarrilak 28) aurkeztuko du antzezlana, Barruan giro! egitarauaren barruan. Lasturren izango da emanaldia, 22:00etan hasita.

Antzezlanak harreman estua du euskararen arnasguneekin. Izan ere, Mairu konpainiak Arnasguneak antzerki-beka irabazi zuen 2021eko abenduan eta, horri esker, obra sortzeko aukeraz gain, egonaldia egin ahal izan zuten Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean, antzerkia lantaldean prestatzeko. Beka hori Uemak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak euskararen arnasguneen garrantzia gizarteratzeko helburuarekin sustatutako Arnasa Gara kanpainaren barnean kokatzen da.

Lana 2022ko azaroan estreinatu zuten jendaurrean eta, azkenaldian beste hainbat herritan egin bezalaxe, Lasturren aurkeztuko dute oraingoan. Gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatzen du antzezlanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena. Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolak idatzi du testua, eta Manex Fusch aritu da zuzendaritza lanetan.

Otsailean izango du jarraipena Itziarko Auzo Udalak beste hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako Barruan giro! neguko kultur egitarauak. Hori hala, otsailaren 3an Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira Itziarren; Urteak bete, abenturak bizi ikuskizuna eskainiko dute Zabalsoro frontoian. Egun bat beranduago, otsailaren 4an, Santa eskea ospatuko dute, Santa Ageda bezperan ohiko kopla zaharrak kantatuz, lehengo usadioan.

Hilaren 10ean, Aitor Huergoren kontzertua izango da Burugorri aretoan, 22:00etan (sarrerak
egunean bertan salduko dira, hiru euroan). Eta, hilabeteko programazioa amaitzeko, otsailaren 17rako eta 21erako inauterien harira antolatutako ekimenak iragarri dituzte, hala nola merienda, mozorro show-a eta egur-jolasak.