Kultur Elkarteko aretoan goxo, Mikel Urdangarinen kontzertuan

Berriketan 2023ko urt. 31a, 12:51
Kultur Elkarteko aretoa leporaino bete zuen Mikel Urdangarinek joan den ostiralean, urtarrilaren 27an, KulturEkin programazioaren baitan. Zornotzarra bakarka aritu zen agertokian, gitarra lagun.

2021eko udan ere izan zen Deban, Izurdeen lekua diskoa aurkezten, baina oraingoan ezberdina izan da, formatu aldetik, kantautore zornotzarrak herrian eman duen kontzertua; talde osoaren babesarekin aritu ordez, bere “bertsiorik biluzienean” jardun zen oholtzan urtarrilaren 27an, bakarka, gitarraz soilik lagunduta.

Kanpoko hotzari aurre eginez, erraz berotu zuen aretoaren barnealdea Urdangarinek. 22:00etan hasi zen saioa eta ordubete pasatxo iraun zuen emanaldiak. Abeslariaren kantutegi ezagunaren parte diren abestiak izan ziren nagusi, musikagintzan oraintsu bete duen mende laurdeneko ibilbidearen errepaso txiki modura.