Korrika Batzordeak bihar arratsaldean egingo du azken batzar irekia

Berriketan 2022ko mar. 29a, 12:49

Bi egun barru abiatuko da 22. Korrika Amurriotik, Hitzekin lemapean hamaika egunez Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoz. Eta, beste hainbat herritan bezalaxe, gurean ere hasita dago lasterketa herrikoia iragarri ohi duen Korrika Kulturalaren egitaraua. Joan den astean eman zitzaion hasiera, eta oraingo honetan izango du jarraipena. Bien bitartean, lanean darrai Korrika Batzordeak aurtengo edizioa biribiltze aldera; bihar arratsalderako deitu du azken batzarra, 18:00etan, Kultur Elkartean.

Korrika Batzordeko kideek jakinarazi dutenez, biharkoa izango da azken bilera irekia. Bertan, egitarauaren nondik norakoak zehaztu eta zereginak banatzeaz gain, eragile bakoitzak 22. Korrikaren lekukoa non hartuko duen zehaztu eta adostuko dute. Era berean, peto ofizialak banatuko dituzte batzarrean eta bestelako petoak ere izango dituzte salgai (bost euroan).

Hilaren 24an abiatu zen Korrika Kulturaleko programazioa, Zuhatza Euskara Elkarteak antolatutako Errigorako produktuen dastaketarekin, eta hurrengo egunean, ostirala, KulturEkin-en baitan antolatutako Esti eta Mikel Markezen kontzertua izan zen Kultur Elkartean. Larunbatean, berriz, goizean, Korrikako materiala erosteko aukera izan zuten herritarrek. Arratsaldean aldiz, Errota Zarren Erronka: Euskararen aldeko gola egin zen , eta Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategiren bertsoez girotutako afaria izan zen gauean, Arrano Elkartean. Egitarauaren lekukoari Iruleek heldu zioten igandean, pala txapelketa mistoa antolatuta, eta eguerdian kantu kalejira burutu zuen Aitzuri Abesbatzak.

Oraindik ere bada, ordea, zer ikusi eta zer gozatu datozen egunotan. Ostegunetik igandera bitartean, adibidez, Berriketan.eus webgunearen aurkezpena (etzi), Boga eta Saltus garagardo-ekoizleek Korrikarako sortutako Hitz eta Ekin garagardo artisauen dastaketa (ostiralean), Zurrunbilok Busti zaitez Korrikaren alde lemapean larunbaterako antolatutako bainu eta argazki herrikoia, eta Debako Kontalarien ipuin-kontaketa saio berezia (igandean) izango dira aukeran (agendan jasota datoz ekimen guztiak). Apirilaren 5ean eta 7an egingo dira hurrengo ekitaldiak Deban eta Itziarren.