Kolore Anitz Egunari buruzko balorazio ona egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2022ko urr. 31a, 14:07

Zuhatza Euskara Elkarteak dinamizatutako aisialdi taldeko arduradunen iritziz, “kolorez, irriz, jolas eta musikaz beteriko eguna” izan zen urriaren 22an ospatu zuten 9. Kolore Anitz Eguna.

Balorazioarekin “oso pozik” agertu dira aisialdi taldeko arduradunak. “Haurrek zein helduek parte hartu zuten, eta arrazoi horregatik egun arrakastatsua izan zela esan dezakegu”. Taldeko arduradunek, gainera, eskerrak eman dizkiete bertan parte hartu zuten herritar guztiei, baita “eguna posible” egun zuten guztiei ere. Debako Gazte Asanblada, Que toque el de alau txaranga eta Zuhatza Euskara Elkartearen laguntza eskertu nahi izan dituzte bereziki.

Kolore Anitz Egunaren baitan adin guztietako jendeari zuzendutako ekimenez gozatzeko aukera egon zen. Goiz eta eguerdi inguruan, esaterako, herriko txikienak izan ziren protagonista. Azaldu dutenez, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako haurrei zuzendutako jolas eta txoko bereziak prestatu zituzten.

Iluntzean, berriz, gazte eta helduen txanda izan zen. “Que toque el de alau txarangak herriko kaleak animatu zituen, eta Gaztetxean amaitu zuen emanaldia. Txakurtxo beroak eskaini genituen bertan, eta DJarekin eta tonbolarekin agurtu genuen eguna”. Taldeko kideak zozketako txartelak saltzen aritu ziren egun osoan, eta irabazlea zein izan zen ere iragarri dute; Maite Ostolaza izan da aurtengo sariaren irabazlea.

Que toque el de alau txaranga, kalez kale