ELKARRIZKETA

Kimetz Etxabe: “Fitxa berritzeak maite dudan kirolaz gozatzen jarraitzeko aukera ematen dit”

Berriketan 2022ko abe. 22a, 15:00

Futbolean hasi bazen ere, Kimetz Etxabek txirrindularitzara jauzi egin zuen duela urte batzuk. Zumaiako Viveros San Anton taldearekin hasi zen, eta, egun, Cafes Baque taldean dihardu, bigarren urtez jarraian.

Cafes Baquen diharduzu iaztik. Zerk erakarri zintuen gehien taldearen eskaintza jaso zenuenean?
Betidanik gustatu izan zait beraien lan egiteko modua. Nire entrenatzailea zena, gainera, taldeko zuzendari sartu zen, eta hori ere taldera batzeko beste puntu positibo bat izan zen. Egia esan, aukeraketa egitea ez zen zaila izan.

Alderik nabaritu al duzu aurreko taldeen eta oraingoaren artean?
Gazte mailako Viveros San Anton-Mardu taldean aritu nintzen aurretik eta ez du zerikusirik 23 urtez azpiko talde batekin. Egiturari dagokionez, baliabide gehiago behar dira. Maila honetan ez dugu soilik Euskal Herriko lasterketetan parte hartzen, Espainia eta Europa mailakoetan ere aritzen gara eta, arrazoi horregatik, material, pertsonal eta antolakuntza gehiago behar da.

Oro har, zein da taldearekin egin duzun lehen denboraldiaren balorazioa?
Denboraldi ona egin dudala esango nuke. Negua zaila izan zen; ebakuntza bat egin behar izan zidaten eta ondoren pneumoniak jota egon nintzen. Gaixorik egon nintzen tartean ezin izan nuen berezko oinarrizko lan on bat egin, baina, hala ere, oso gogor hasi nuen denboraldia. Horrek guztiak, ordea, gutxirako balio izan zidan.

Zergatik?
Lizarran jokatu zen hirugarren edo laugarren lasterketan eroriko handi bat egon zen, eta bete-betean harrapatu ninduen. Hasiera batean, ukondoan hogei puntuko zauria bakarrik nuelakoan geunden, baina handik egun batzuetara belauneko minez hasi nintzen, eta hor guztia aldrebestu zen. Mina hartutako kolpearen ondorioa izango zelakoan igaro genituen lehen asteak, baina, azkenean, hezurretako edema bat nuen belaunburuan. Ordurako hilabete neraman geldirik eta, zer nuen asmatu orduko, fisioterapiarekin tratatzen hasi ginen; horri esker, pare bat hilabetetan bizikleta gainean minik gabe jartzeko gai izan nintzen. Denboraldi bukaerara gerturatzean gauza politak egin ditudala esango nuke eta, azkenean, uste baino hobeto ibili naiz.

“Momentuz ez dut lasterketarik begiz jota, baina, aukera emanez gero, Espainiatik kanpoko lasterketetan parte hartzeko gogo handia daukat”

Zureganako konfiantza erakutsi eta beste urtebeterako luzatu dizute fitxa.
Harreman ona izan dugu eta, bien aldetik adostasuna zegoenez, bertan jarraitzeko erabakia hartu dugu. Oso gustura nago eta fitxa berritzeak, gainera, 23 urtez azpiko mailan eta maite dudan kirolaz gozatzen jarraitzeko aukera ematen dit. Ea hurrengo denboraldian lan polita egin, eta niganako erakutsi duten konfiantza eskertzeko aukerarik daukadan. Ez nuke eskertu gabe utzi nahi babesleen eta taldeetako eta lasterketetako laguntzaileen laguntza ere; zuengatik ez balitz, hau ezinezkoa litzateke eta.

Finkatu al duzue egutegia?
Taldearekin bileraren bat eduki dugu, eta denboraldiaurreari eta datorren urteari begira hitz egiteko aukera izan dugu. Euskal egutegia oraindik ez dago guztiz itxita, baina gutxi gorabeherako bat badugu eta, kanpoko lasterketa batzuk ere egiten ditugunez, denboraldi hasiera zer nolakoa izango den finkatzen hasita gaude. Hori bai, ez dago ezer guztiz zehaztuta; izan ere, beti izaten dira azken orduko aldaketak, nola gauden ikusita eta erorikoak eta antzekoak ere kontuan hartuta.

Ba al duzu lasterketarik begiz jota?
Momentuz ez dut lasterketarik begiz jota, baina, aukera emanez gero, Espainiatik kanpoko lasterketetan parte hartzeko gogo handia daukat. Espainiatik kanpo txirrindularitza bizitzeko beste modu bat dute eta, hemengoarekin alderatuta, gainera, askoz ere modu profesionalagoan aritzen dira; ikasten jarraitzeko era ona iruditzen zait. Hemengo lasterketen egutegia ere oso ona da. Euskal Herriko lasterketetan parte hartzera Espainia osotik etortzen da jendea; beraz, hemen aritzeko ere beti egoten da motibazio bereziren bat.