“Andutz Biltokiko itziartar gazteok hamabost urte pasa daramatzagu egun hau antolatzen. Garai batean Gazte Eguna izenez genuen ezaguna, baina azken urteotan izena aldatu diogu, herriko eta inguruko haur, gazte eta helduek ere egunaz goza dezaten. Herritarrok herritarrontzat antolatutako eguna da, goizean hasi eta musika eta dantzaz osaturiko eguna, jai giro herrikoian”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Beste urte batzuetan ez bezala, aurtengoa ez da mozorro eguna izango; horra hor aldaketarik nabarmenena. Azaldutakoaren arabera, “Kardantxulo Eguna izango da soilik. Mozorroa ordezkatzeko, Itziarko Gaztelekuko gaztetxoek diseinaturiko kamisetak izango ditugu salgai. Aldaketa honek bi helburu nagusi izango ditu: batetik, herriko gazteek egin nahi duten bidaiarako diru-laguntza bat ematea; eta, bestetik, herritarrok kamiseta berarekin batasuna erakustea”.
Goizeko 9:00etan emango zaio hasiera larunbateko egitarauari; plazan elkartu eta mendi irteera egingo da Arbilera (goian brindisa izango da). Eguerdi partean, 12:30ean, Jan Da Eran Txarangak girotuta, pepinoaren jolas erraldoia egingo da eta 14:30erako bazkaria antolatu dute Bikain jatetxean. Ondoren, bingo musikatua izango da.
Iluntzean, kalejira egingo da Burugorrira (19:30ean), baita argazki herrikoia ere bertan. Eta, eguna biribiltzeko, Elektrokela elektrotxarangaren emanaldia izango da 22:30ean.