Jon Lafuente: “Esperientzia aberasgarria izaten ari da, baina etxean bezala inon ez!”

Berriketan 2022ko urt. 17a, 09:58

Jon Lafuente Bartolome 29 urteko gazte zientzialaria da. Leioako fakultatean Fisikako gradua, eta Donostiako CFMn (Materialen Fisikaren Zentroa) Nanozientzien masterra burutu zituen. Berehala, beka bati esker ikerkuntza-lanetan jardun ondoren, 2020ko azaroan doktore-tesia defendatu zuen Leioan. 2021 hasieran AEBetara joan zen debarra ikerlari moduan lan egitera eta han dabil ordutik.

Non zaude gaur egun? Nolatan?
Austinen, Texaseko hiriburuan. Ikerkuntzan puntakoa den The University of Texas at Austin (UT Austin) unibertsitatean lan egiteko eskaintza egin zidaten, eta erronka onartu nuen.

Zerk eraman zintuen horra?
Nire ikerkuntza eremuko ikerlari ospetsuenetako batekin lan egiteko aukerak. Zientzian, beste hainbat eremutan bezala, oso aberasgarria da era desberdinetan lan egiten duten taldeak ezagutzea. Zientzialari bakoitzak ikuspuntu berezia dauka kontzeptu orokorrak azaltzerakoan, ikerkuntza taldea zuzentzerakoan, eta, batez ere, problema berriei aurre egiterakoan. Ikasteko modurik onena zientzia hoberen egiten dutenekin egitea da eta, alde horretatik, toki paregabea da Austin.

Zertan zabiltza orain?
Nire ikerkuntza eremua materialen fisika konputazionala da. Egitura atomikotik abiatuz, materialen propietateak (eroankortasun elektrikoa, argi absortzioa…) aurresatea da gure helburua. Propietate konplexuak ulertzeko teoriak garatzen ditugu, eta materialen simulazioak egiteko programa informatikoak inplementatu. Kalkuluak egiteko milaka prozesadore dituzten superordenagailuez baliatzen gara, eta Austineko unibertsitatean erabiltzen duguna bosgarren indartsuena da mundu mailan.

Espero zenuen bezalakoa da? Zerk harritu zintuen?
Zentzu batean bai. Filmetan ikusten ditugun gauza asko benetakoak dira. Kotxe handiak, cowboy txapelak eta country musika, adibidez. Baina, bestalde, azken urteotan Google, Apple edo Tesla bezalako enpresa teknologiko asko San Frantziskotik Austinera mugitzen ari dira, eta horregatik jende gazte ugari ari da etortzen bertara bizitzera. Horrek tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen giro berezia sortzen du hirian. Dudarik gabe gehien harritu ninduena paisaia da. Uste nuen Texas osoa basamortua izango zela, baina estatuko zati handi batean, eta bereziki Austinen, euri dezente egiten du udaberrian, eta oso berdea da.

Zure egunerokoan euskarak zein leku du?
Ia batere ez; Euskal Herriko lagunei deitzean bakarrik egiten dut euskaraz. Oraindik ez dut euskaldunik topatu Austinen, baina bila jarraituko dut!

Bertako hizkuntzarik ba al dago hor? Hizkuntza txikirik edo?
Bertako tribuen hizkuntza batzuk mantentzen dira, adibidez komantxera edo caddoar hizkuntzak, baina tamalez galbidean daude.

Zer eramango zenuke horra Debatik? Eta zer ekarriko?
Jendearen gertutasuna ekarriko nuke. Orokorrean hemengo bizimodua bakartiagoa da, eta oso jende interesgarria ezagutzen ari naizen arren, hemen adiskidetasun-ideia desberdina dela iruditzen zait, azalekoagoa.

Euskal Herrira onenak izateko anbizioa eramango nuke; batez ere zientzia eta teknologian.

Debara bizitzera bueltatuko zarela uste duzu?
Debara ez dakit, baina Euskal Herrira ziur. Esperientzia oso aberasgarria izaten ari da, baina etxean bezala inon ez!

 

LABURREAN

  • Paisaia bat: euskal kostaldea
  • Usain bat: kafearena
  • Zapore edo jaki bat: amaren haragi-bolak
  • Gustuko dut… naturaltasuna
  • Ez dut gustuko… berekoikeria
  • Amets bat: Nobel saridun euskaldun bat izan dadila