Jon Abrilek ostegunean aurkeztuko du Tene Mujika bekako lan irabazlea

Berriketan 2022ko ira. 14a, 13:35

‘Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian’ saiakeraren aurkezpena Agirre jauregiko Ispiluen gelan egingo dute, 19:00etan hasita. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak aurkezpenera gerturatzeko gonbidapen zabala egin dute.

Emakumeen lanbideei buruz azken urtebetean ondutako ikerketa lana, ofizialki, gaur (irailak 14) aurkeztu dute Donostian egindako prentsaurrekoan. Deban, baina, bigarren aurkezpen egingo dute bihar (irailak 15); kazetari eta kultur dinamizatzaile beratarrarekin batera egingo den agerraldian, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea eta Debako udal ordezkariak ere egongo dira.

Lana, hain zuzen, Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Tene Mujika bekaren emaitza da. Euskal Herrian barrena emakumeek eduki dituzten lanbideen erakuspen zabal bat erakustea izan da egilearen nahia. Lehendik ere Nafarroatik Lapurdira neskame joaten ziren neskatxen historiaz aritu izan da, eta Tene Mujika bekari esker argitaratutako lanari esker, antzeko istorio gehiago osatu nahi izan ditu, elkarrizketa sakonen eta beste iturri batzuen bidez.

XX. mendean, gerraostean beharrak eta ausardiak hauspotuta, kanpoko lanean aritu ziren emakumeen testigantza da saiakeraren oinarria. Lanbide horietako bakoitzean aritutako emakume baten edo biren lekukotasuna jaso du, guztien artean Euskal Herrian barrena bidaia bat eginez.

Egileak, gainera, hamaika lanbide ezagutzera emateko baliatu du lana: besteak beste, Gallartako meatzariena, Bilboko galletagileena, Ondarroako eta Lodosako kontserbagileena, Gasteizko metalurgia sektoreko langileena, Bergarako ehungintza sektoreko langileena, Donostiako zigarrogileena, Pasaiako portuko langileena, Atarrabiako paper fabrikakoena, Lapurdiko kostako neskameena, Seaskako lehenengo irakasleena eta Zuberoako espartingileena.

Sari bikoitza. Sari bakarra banatu ohi dute Euskal Herriko historia hurbilaz idaztezko ez-fikziozko proiektuak saritzea helburua duen urteroko sariketan, baina iaz bi beka banatu zituzten. Abrilen lanaz gain, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruz argitaratutako M ama* eme* ume* elkarrizketa sorta izan zen beste lan aukeratua. Lana maiatzean aurkeztu zuten.