Jo Ta Su Boxing, kolpez kolpe, bidean aurrera

Berriketan 2023ko ots. 24a, 10:00
2019ko uztailean sortu zen kirol elkartea eta 2020ko udaberrian ekin zion bere kirol-jarduerari. Geroztik, “gauza asko” pasa dira orain arteko ibilbidean eta, zailtasunak zailtasun, bidean aurrera doa kluba, betiere herrian boxeoa sustatzen jarraitzeko erronkari helduta.

Genero, adin, jatorri eta bizileku ezberdinetako hogeita hamar bat kidek osatzen dute gaur egun Jo Ta Su Boxing. Bidea egiten hasi orduko nabarmendu zuten boxeoaren bueltan “talde anitz bezain aberatsa” osatu nahi zutela herrian, eta aniztasunak kirol elkartearen nortasunaren oinarri izaten jarraitzen du oraindik ere.

Gari Sillero elkarteko ordezkariak azaldu bezala, “garai hauetan ohikoa den bezala, arrazoi ezberdinak medio, elkarteko partaideak aldatuz doaz; batzuk joan egin dira eta beste batzuk etorri. Eskualdeko herrietatik gero eta jende gehiago dator, adibidez. Emakumeei dagokienean, berriz, duela hilabete batzuk kopuruak behera egin zuen. Kontrara, adinean gora doan gero eta jende gehiago animatu da, eta 16-65 urte bitarteko jendea dabil uneotan. Klubean denbora zeraman batek edo bestek utzi egin du eta denboraldi berriarekin sartu zirenetako asko gelditu egin dira”.

Debako Gazte Asanbladaren babesean, Jo Ta Su Boxing-ek Gaztetxean aurkitu zuen, hasiera batean, bere kirol-jarduera aurrera eramateko lekua. Baina, boxeolariak trebatzen jarraitzeko eta elkartearen bilakaeran aurrera egin ahal izateko, espazio fisiko handiagoa eta egokiagoa lortzea izan zuten laster helburu. Orain, kiroldegiko instalazioetan aritzen dira.

“Espazio aldaketa aurrerapauso bat izan da, zalantzarik gabe”, dio Manex Astigarraga elkarteko kideak. “Ikusgarritasuna eman digu, eta lekua handiagoa da… baina, hala ere, baditu hobetu daitezkeen alderdiak”, gaineratu du; “klaseak emateko orduan inguruko zaratak zailtasunak dakartza, adibidez”.

“Espazio aldaketa aurrerapauso bat izan da, zalantzarik gabe, baina baditu hobetu daitezkeen alderdiak”

Instalazioak, hankamotz. Sillerok berak ere aipatu du kirol-instalazio egokien beharra. “Lekua bera ez dago honetarako pentsatuta; materiala kentzen eta ipintzen ibili behar izaten gara eta saio bakoitzean ordu eta erdi inguruko lana eskatzen du honek. Ez dago ispilurik eta, noski, ringik ere ez. Azken hori oso garrantzitsua da lehiatzeari begira, bai distantzia eta sentsazioetara ohitzeko, bai borrokaldi baten benetako baldintzetan entrenatzeko”.

Bestalde, entrenamenduen ordutegietara moldatzeko izan ohi dituzten zailtasunak ere aipatu dituzte; “jende guztia ezin da ordutegietara egokitu. Ahal izanez gero, hobe litzateke mailaren arabera talde bat baino gehiago bereiztea”.

Denboraldiko erronkak. Zailtasunak zailtasun, bidean aurrera doa kluba. Urteotan egindako urrats esanguratsuenen artean, besteak beste, kirol elkarte gisa ofizialki lehiatzeko Euskadiko Boxeo Federazioan sartu izana nabarmendu dute ordezkariek.

Bost kide daude, gaur-gaurkoz, klubean federatuta: entrenatzaile bat eta lau boxeolari. Azken horietatik hiru ringean lehiatzen dira, eta laugarrena bidean doa. Semiprofesional gisa aritzen dira guztiak: Pily Flores superarinean (60-63 kg), Unai Arizaga erdiastunean (75-80 kg), eta Cheickh Mbengue astunean (86-92 kg).

“Kirol elkarte bezala, aurtengo denboraldian emaitza onak lortzea litzateke erronka”

Otsailaren 25ean, Arizagak borrokaldia izango du Arrasateko udal pilotalekuan eta martxoaren amaieran Euskadiko txapelketako norgehiagokan izango da Flores.

Silleroren esanetan, aurtengo denboraldian emaitza onak lortzea du erronka kirol elkarteak; “batetik, Arizagak lehen garaipenak lor ditzala, eta, bestetik, Flores Euskadiko txapelketan gutxienez azpitxapeldun izan dadila nahi genuke. Bestalde, interesgarria litzateke beste federatuekin interklub ezberdinak egitea ere, euren burua proban jarri eta esperientzia hartuz joateko”.

Halaber, boxeora jende gehiago hurbiltzea ere nahiko lukete, eta probatzera animatzeko deia egin diete herritarrei. Entrenamenduak astearte eta ostegunetan izaten dira, 19:00etatik 20:30era.