Goaz… amateur beti, duela 48 urte hainbat lagunek sortu zutenetik. Euskaltzale beti, taula gainean eta behean beti euskara, lanabes eta lantzeko lur sail, ahotan hartuta. Feminista beti, emakumeen hitza eta gorputza “fokupean” argituta egon dadin bidea eginez.
Lehengo eta gaurko taldekide banarekin elkartu gara horiez, antzerkigintzaren norabideaz, etorkizunaz eta bestelakoez Berriketan aritzeko.
Txarraka-txarraka Debako XXXV. Antzerki Astearen azken txanpara iritsiak gara. Talde profesional eta amateurrak, oso ezagun nahiz ezezagunagoak, saldoka pasa dira Debatik 35 urte hauetan. Zein oroitzapen gordetzen dituzue?
Josu Iriondo (J.I.): Oroitzapen oso onak eta lan gogorra. Momentu txarrak eta onak pasa ditugu, lagun asko egin ditugu, beste antzerki talde batzuekin harreman mota ezberdinak garatu, bidaia asko… Herrian ezagunak egin gara.
Iazkoan, Fokupean Emakume Aktoreen Festibala ere antolatu zenuten, azaroan, DIT feministarekin batera lehenengoz. Zein balorazio egin zenuten egitasmoaren inguruan?
Irati Baroja (I.B.): Oso balorazio positiboa egin genuen. Maila kuantitatiboan jende asko hurbildu zela nabarmenduko genuke obra gehienetara, eta maila kualitatiboan ikusi genuen euskal antzerkigintzan emakumeek eginiko obra asko daudela eta kalitate handikoak.
“Maringurua” ere izan zenuten festibalaren baitan, emakumearen presentziaz euskarazko antzerki sorkuntzan. Hausnarketarik nabarmendu al zen han?
I.B.: Lehenik eta behin, esan bezala, euskal antzerkigintzan kalitate handiko lana egiten dela, eta emakume asko ari direla bai oholtzan eta baita oholtzatik kanpo ere beste alor batzuetan. Aipatu zen oraindik ere gorputz molde berdinak ikusten ditugula: emakume zuri eta kanonean sartzen diren gorputzak. Hori ere aldatzen hasteko ordua dela uste dugu.
Zein zen euskal antzerkiaren panorama orain dela 48 urte, taldea sortu zenean? Eta zein orain?
J.I.: Momentu hartan ez nengoen taldean, baina urte haietan Martin Idiakez, Lukax Dorronsoro eta abarrekin taldea sortu zen. Urte txarrak izan ziren eta iparraldeko antzerkiak egiten genituen hasiera batean. Talde profesionalik ia ez zegoen orduan, eta erraztasunak genituen mugitzeko. Dirua ez zen gure arazorik handiena, afizionatuak ginen, bakoitzak ahal genuena eginez genbiltzan. Orain, arazo gehiago ditugu horri dagokionez, lokala ordaindu behar da…
Osasun onean al dago antzerkigintza amateurra? Zein zailtasun nagusirekin egiten du topo?
I.B.: Egia esan, ez dugu maila orokor batean hitz egiteko bezainbesteko ezagutzarik. Baina gure
ingurura begiratuz gero (Elgoibar, Mutriku, Mendaro…), mugimendu gutxi dagoela esango nuke antzerkigintza amateurrean. Lan handia eta polita egiten dugu, baina askotan herrian geratzen
gara, eta hori plaza asko ez ditugulako izan ohi da. Jendeak obra profesionalak eta komertzialak nahi ditu eta agenda kulturalak ere horrela programatzen dira.
Goazek euskal kultura sustatzeaz gain beti izan du ardatz euskara eta horren normalizazioa…
J.I.: Gure estatutuetan zehazten den bezala, euskaraz antzeztu nahi dugu eta Antzerki Astea ere euskaraz egin nahi dugu. Gure gorabeherak izan ditugu horrekin. Galdetu izan digute: “Erderaz zergatik ez?”. Eta guk beti erantzun izan dugu hori bilatzen duenak beste nonbait bila dezala.
Antzerkian formatzeari beti eman izan diozue garrantzia. Azkenaldian, esaterako, Kamikaz kolektiboko Erika Olaizolarekin zabiltzate ikastaroetan jo eta su…
I.B.: Formatzea ezinbestekoa da antzerkigintza une oro berritzen doalako, ikasitako guztia moldatu behar delako. Gainera, azken urteetan gure piezak sormen-prozesuen bidez egiten ari gara.
Erraz esaten da, baina 48 urte mordotxoa dira kaleetan, taula gainetan, antzerki asteak antolatzen… Eta etorkizuna nola ikusten duzue?
I.B.: Etorkizuna guztion eskuetan dago. Alde batetik Udalarengan, antzerkigintza osasuntsu mantentzeko beharrezko azpiegiturak sustatzen. Bestetik, taldearengan, taldea zaintzen eta belaunaldien arteko errelebo bat bermatzen. Eta, azkenik, herritarrongan, antzerkira hurbilduz, bai ikusle bezala baita antzezle bezala ere. Izan ere, ateak zabalik ditugu parte hartu nahi duen ororentzat.