Javier Berasaluce Markiegi futbolari ohia zendu da

Berriketan 2022ko ots. 10a, 12:00

Debako Amaikak Bat Futbol Klubaren historian sari eta titulu gehien lortu dituen Javier Berasaluce Markiegi jokalaria joan den otsailaren 8an hil zen, 91 urterekin.

1931ko urtarrilean Deban jaioa, Berasaluce atezain izan zen hainbat futbol taldetan; Amaikak Baten aritu ondoren, Real Sociedadek fitxatu zuen 1950ean. Bi urte beranduago Alavesera joan zen eta 1955ean Real Madrilera; han jokatu zuen 1960ra bitartean. Azken hiru denboraldiak Racing Santanderren egin zituen eta han utzi zion atezain izateari.

Amaikak Bat klubak gogorarazi bezala, “Alavesen izarra izan zen Berasaluce, baina Real Madrilen ikutu zuen zerua”; Europako bost kopa (segidan), Espainiako bi liga eta Kopa Latina bat irabazi zituen bertan, hain justu.

Futbolariaren ibilbidea goraipatu dute Euskal Herriko zein Espainiako hainbat eta hainbat hedabidek haren heriotzaren berri izan bezain pronto. Amaikak Batek ez ezik, Alavesek edota Real Madrilek ere begirunez nabarmendu dute Berasaluceren jarduna eta dolumina agertu diete haien gertuko eta senideei.