Jarindo mendira irteera bateratua antolatu dute

Berriketan 2022ko aza. 2a, 11:23

Legutiotik hasita, 16,2 kilometroko ibilbide zirkularra osatuko dute igandean (azaroak 6) irteeran parte hartuko duten mendizaleek. Osteguna (azaroak 3) da izena emateko azken eguna.

Hileroko mendi irteera bateratua antolatu dute Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak elkarlanean. Legutiotik abiatuta ibilbide zirkularra osatuko dute igandean (azaroak 6), eta bidean Jarindo (895 metro), Maroto (864 metro), Isuskitza (801 mentro) eta Albertia (867 mentro) mendiak igoko dituzte.

Guztira, 16,2 kilometro eta 730 metroko desnibela duen ibilbidea egingo dute irteeran parte hartzen duten mendizaleek. Mendi taldeek jakitera eman dutenez, zailtasun gutxiko ibilaldia izango da, bost bat orduan egiteko modukoa.

Irteeran parte hartzeko interesa daukatenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita izena eman behar dute; horretarako azken eguna osteguna (azaroak 3) da. Irteeraren prezioa 12 eurokoa izango da bazkideentzat, eta 15 eurokoa gainerakoentzat. Legutiora joateko autobus zerbitzua egongo da. Igandean, 07:30ean abiatuko da autobusa estalitako pasealekutik. Debako mendizaleak jaso ondoren, Mutrikun, Ondarroan eta Markina-Xemeinen egingo du geldialdia autobusak.