Jam Session-arekin abiatuko dira Asteazken Akustikoak eta Jazzez Blai jaialdia

Berriketan 2022ko uzt. 6a, 12:20

Gure Giro programazioaren baitan antolatutako ekimenean maila guztietako musikariek hartuko dute parte eta hau izango da Jazzez Blai festibalari eta Asteazken Akustikoei hasiera emango dien hitzordua; gaueko 22:00etan izango da, Gaztetxean.

Bueltan dator beste behin ere Jazzez Blai festibala, herria jazz doinuez zipriztintzeko asmoz. Jaialdiaren hirugarren edizio honetan, goi mailako jazz, blues eta soul emanaldiez gozatzeko aukera egongo da. The Chickpeas, Malwina Masternak, Juanma Urriza Quartet, Xahu eta Arima Soul taldeen kontzertuak izango dira aukeran; oholtzara igoko diren musikarien artean, gainera, herriko hainbat sortzaile daude. Jaialdiaz harago ere, beste zenbait ekimenetan ere presente egongo dira aurten jazz doinuak, hala nola Iturri Ondoan ekimenaren baitan antolatutako Begiradak saioan.

Asteazken Akustikoak

Urtez urte formatuan berrikuntza txikiak egin izan diren arren, bere esentzia herrikoia mantendu dute Asteazken Akustikoek. Programazioa osatzeko orduan, maila zein estilo guztietako musikarien presentzia bilatzen dute antolatzaileek, herriko sortzaileen parte-hartzeari garrantzi berezia emanez. Eguraldiak laguntzen badu, Gaztetxeko terrazan egingo dira kontzertuak. Gaur gaueko Jam Sessionaz gain, aurtengo edizioan Koiu (bakarlaria, Urnieta), Abian (hirukote akustikoa, Iruñea) eta Martina eta Itsaso (bikote akustikoa, Deba) arduratuko dira asteazken iluntzeak goxatzeaz. Emanaldi guztiak doakoak izango dira.