Itziarko XII. Erromeria Eguna maiatzaren 7an ospatuko da

Berriketan 2022ko api. 27a, 12:32

Bi urteren ostean, maiatzaren 7rako XII. Erromeria Eguna antolatu dute Itziarren. Urtean behin, egun osoko egitaraua antolatzen dute eta, horrela, garai bateko ohiturei eusteko saiakera egiten dute antolatzaileek. Herritarrek elkarlanean antolatzen duten eguna da, eta berau Euskal Herri osora zabaltzea da beren nahia.

Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, urteroko ohiturari jarraituz, Andutz Kultur Taldeak eta Itziarko Auzo Udalak ekimenez beteriko eguna antolatu dute euskal erromeria zaleentzat.

Erromeria Eguna ospatu den bakoitzean Euskal Herriko txoko ugaritatik jende andana batu izan da Itziarra. Eta, aurten ere, bi urteko etenaldiaren ostean, jende asko espero dute itziartarrek, jada erromerien munduan errotzen hasi den festa da eta.

Egitarau oparoa

Aurtengo egitarauak aurreko edizioen ildotik jarraituko du. Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar trikitilariak, txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, soinujoleak, Bianako eta Itziarko dantza taldeak, albokariak, fanfarrea eta gehiago, egitarau mardulari bizia ematen. (Trikitilariak: Naiara, Izarra eta Itziar; Ostolaza eta Ezkerra; Lidia eta Leire; eta Maitane Ayerza eta Aiora Urdangarin izango dira).

Eguerdiko 14.30ean herri bazkaria izango da frontoian; eta bazkaritarako txartelak maiatzaren 4a baino lehen erosi beharko dira Itziarko ohiko saltokietan (Gure Denda, Burugorri Ostatua, Hostala Itziar Jatetxea eta Bikain Jatetxea).

 

Erromeria Egunaren helburuak

“Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohiko izan ziren erromeriak gogoratzea eta omentzea da” Andutz Kultur Taldearen esanetan. “Erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak. Festa edo bilkura horien funtsa hainbat herri, auzo eta bailaratako herritarrak biltzea izaten zen; izan ere, gerraosteko garaietan biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak zirenez, erromeriak aitzakia paregabea izaten ziren horretarako. Era berean, musika eta dantzaz gozatu ahal izateko aukera ere baziren erromeriak, eta euskal kultura tradizionalaren sostengu ere izan ziren, hein batean. Garai hartako gizon-emakumeak irrikaz egoten ziren erromerietara joateko”.

 

Andutz Kultur Taldea

Aurten ere Erromeria Egunaren antolatzailea Andutz Kultur Taldea izango da, Itziarko Auzo Udalaren babesarekin. Herriko hainbat elkarte batzeko eta kultur jarduera bateratua lantzeko helburuarekin sortu zen taldea. Eta, besteak beste, Itziarko herri mugimendua berreskuratzeko eta herri-kultura berpizteko xedeak ditu.

Hona hemen egitarau osoa biltzen duen kartela: