Iritsi da Errigoraren eskariak jasotzeko ordua

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko mai. 9a, 14:32

Debaren kasuan, bihar (maiatzak 10) egingo dute banaketa. Aldats pilotalekuan jaso ahalko dira produktuak, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Martxoan, udaberriaren iritsierarekin batera, Eskutik eskura kanpaina jarri zuen martxan Errigorak eta, horri esker, Nafarroako hegoaldiean ekoitzitako produktuak eskatzeko aukera izan zuten herritarrek. Orain, ordea, eskariak jasotzeko garaia iritsi da. Debaren kasuan, Zuhatza Euskara Elkartearen babesa dauka ekimenak eta, hortaz, eskaria eginda daukaten elkarteko bazkideek produktuak herrian bertan jasotzeko aukera izango dute. Produktuen banaketa, hain zuzen, bihar (maiatzak 10) egingo da Aldats pilotalekuan. Bi txanda iragarri dituzte: lehena, 11:00etatik 13:00etara, eta, bigarrena, 17:00etatik 19:00etara.

Antolatzaileek gogorarazi dute eskura ordaintzekotan geratu zirenek produktuak jasotzerakoan eman beharko dutela dirua. “Eskatutako produktuak ordaindu gabe badituzu, ez ahaztu dirua ekartzeaz. Kopuru zehatza ekarri mesedez, ez dugu atzerakorik izango eta”. Zehaztutako egun eta orduan bertaratzeko arazoak dituztenei, berriz, 943 19 13 83 edo 688 84 03 08 telefono zenbakietara deitu edo idazteko eskatu dute.

Eskaerak gora. Debari dagokionez, 50 eskaera baino gehiago egin dira udaberriko azken kanpainan. Antolatzaileen esanetan, 10.600 bat euroko ekarpena egingo zaio Errigorari, hau da, iaz baino %33 handiagoa.