Irimo mendi eta inguruetara irteera antolatu du Burdin Kurutz Mendi Taldeak

Berriketan 2023ko ots. 22a, 11:26

Ikasleekin hilabetero egin ohi duten irteera igandean (otsailak 26) egingo dute. Izena emateko azken eguna osteguna (otsailak 23) da.

Hilabete honetako ikasleentzako mendi irteera Urretxu aldera egingo dutela aurreratu dute Burdin Kurutz Mendi Taldeko arduradunek. Zehaztu dutenez, Santa Barbara ermita parean hasi eta amaituko dute 8 kilometro pasatxoko ibilbide zirkularra, eta bidean Irimo mendiaren gailurretik (896 metro) igaroko dira mendizale gazteak. Igandean egitea aurreikusita dagoen ibilaldi bera, berez, aurreko hilabetean egitekoak ziren, baina eguraldi txarragatik irteera bi aldiz atzeratu ondoren, beste toki batera egin zuten urtarrileko irteera. “Eguraldiak oraingoan uzten badigu, egun osoko irteera egingo dugu”, gaineratu dute antolatzaileek.

Txangoan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako azken eguna osteguna (otsailak 23) da. Ikasleek eskolan bertan izena eman dezakete. Ikasleekin batera joan nahi duten helduek, berriz, Burdin Kurutz taldeko Whatsapp taldean idatzita edo mendi taldeko norbaitengana hurbilduta izena eman beharko dute. Autobus zerbitzua ere egongo da irteerara joateko. Autobusa 08:30ean abiatuko da Debako pasealeku estalitik.