Inauteriek kolorez eta irudimenez jantziko dituzte beste behin ere Debako kaleak

Berriketan 2023ko ots. 14a, 15:29

Egitarau oparoa kaleratu du Debako Udalak herriko hainbat talderekin elkarlanean. Inauterietako ekintza nagusiak larunbatean (otsailak 18) egingo badira ere, hilaren 17an eta 21ean ere zer ospatua egongo da.

Irudimenaren ordua ailegatu da. Inauteriak ailegatzear daude Debara, eta guztia ondo baino hobeto ospatzeko egitarau oparoa prestatu du udalak. Hainbat ekintza antolatu dituzte, baina berrikuntza nagusia larunbat (otsailak 18) eguerdian egingo den mozorro lehiaketako saridunak aukeratzeko era izango dela iragarri dute. Zehazki, aurten herritarrek hautatuko dituzte mozorro lehiaketako saridunak. “Herritarrek bozkatzeko aukera izango dute, eta, hortaz, haiek hautatuko dituzte aurtengo irabazleak”.

Mozorro lehiaketari dagokionez, banaka edo taldeka parte hartzeko aukera egongo da. Gaineratu dutenez, bertan parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. Parte hartzeko interesa daukatenek gaurtik (otsailak 14) ostiralera (otsailak 17) bitartean turismo bulegora gerturatuta, 943 19 24 52 telefonora deituta edota turismoa@deba.eus helbide elektronikora idatzita izena eman dezakete. Lehiaketaren egunean bertan ere egongo da horretarako aukera, Foruen Plazako agertokiaren alboan ipiniko duten mahaian.

[Irakurri HEMEN mozorro lehiaketako oinarriak]

Aurreratu dutenez, modalitate bakoitzeko (banaka edo taldeka) bina sari banatuko dituzte; 600 euro banatuko dituzte guztira saritan. Bozkatzeko erari dagokionez, 14:00etatik 16:00etara bitartean eman ahal izango dute botoa herritarrek, udaletxeko arkupean horretarako propio jarriko den kutxan.

Egitarauari dagokionez, asteburua beteta dator. Ostiral (otsailak 17) arratsaldean hasiko dira inauteriak ospatzen; zehazki, Musika Banda Gaztearen kalejirarekin abiatuko dira aurtengo ospakizunak. Larunbatean ere zer ospatua egongo da herrian. Mozorro desfilea izango da eguneko ekintzarik jendetsuena eta erakargarriena, baina musika, ikuskizunak… eta beste hainbat ekintza ere egingo dituzte inauterien ospakizun egun handia behar bezala gozatzeko. Zoramen, ilusio, kolore eta irudimenez betetako egunei asteartean (otsailak 21) emango diete amaiera.

EGITARAUA

  • Otsailak 17, ostirala
    • 17:00. Musika Banda Gaztearen kalejira.
    • 18:30. Pista jolasa, Kolore Anitzen eskutik.
  • Otsailak 18, larunbata
    • 10:30. Txistularien kalejira.
    • 12:30. Debako Musika Bandak alaitutako desfilea, Agirre jauregiko plazatik hasita.
    • 17:30. Panoli Kabaret gaztetxoentzako ikuskizuna, Foruen Plazan.
    • 19:30. Que toque el de alau txaranga, kalerik kale.
    • 20:00. Mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Foruen Plazan.
    • 20:30. Que toque el de alau txaranga, kalerik kale.
  • Otsailak 21, asteartea
    • 17:00. Gaztelekuaren eskutik, Morrozo Show-a, Aldats pilotalekuan.