ELKARRIZKETA

Imran Mukthar: “Arroan nuen anaiari kasu egin nion eta ez naiz damu hona etorri izanaz”

Berriketan 2021ko abe. 17a, 12:53

Migratzaile adina migrazio-esperientzia dago munduan eta gure herrian ere baditugu hamaika arrazoirengatik bere lurraldea utzi duten hainbat. Abenduaren 18an Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, bizilagun ditugun herritarren bizipenak ezagutu nahi izan ditugu. Deba-Itziar Anitza taldearen bitartez lortu dugu ondoko elkarrizketa hau.

Noiz iritsi zinen Euskal Herrira?
2009ko urrian iritsi nintzen Euskal Herrira. Anaia nuen Arroan, aurretik etorria eta bertan oso gustura bizi zena. Bera izan zen hona etortzera animatu ninduena. Kasu egin nion eta ez naiz damu.

Zein zen zure lanbidea Pakistanen?
Familia kirolaria dut. Ni, profesional gisa, bederatzi urtez egon nintzen “borroka pakistandarra”ren selekzioan. Nire anaia, berriz, Arroan bizi dena, aulki mugikorreko arraunketan jardun zen urte askoan zehar eta bederatzi urtez Pakistango txapelduna izan zen. Baina, jakina, kirolari profesionalen bizitza mugatua da eta bukatzen denerako zer edo zer pentsatu beharra dago eta hemen gaude.

Asko kostatu al zitzaizun hemengo bizimodura egokitzea? Hizkuntzara, ohituretara…
Ez nengoen bakarrik, anaia nuen hemen eta hilabete batzuetan berarekin bizi izan nintzen. Hizkuntzekin nituen arazoak eta urtebetez Elgoibarrera joan nintzen gaztelania ikastera. Gimnasia egitera, berriz, Debako kiroldegira etortzen nintzen, eta, hala, hemengo lagun pakistandarrek hona etortzera gonbidatu ninduten. Nire jaioterriaren antza badu Debak: biztanle kopurua, lasaitasuna… gustuko nuen. Eta Deban bizitzen nengoela, Galtxa okindegian aurkitu nuen lana, leku eta familia ezin hobean. Izan ere, Olatzek eta bere familiak izugarri lagundu ninduten paperekin. Lanak segurtasuna eta babesa eman zizkidan, eta geroztik bertan dihardut, okin. Bestalde, nik neuk orokorrean jarrera ona, abegikorra jaso dut herriko jendearengandik. Eskerrak eman nahi dizkiet eman didaten laguntza eta pozagatik. Debar sentiarazi naute.

Orain emaztea eta seme biak iritsi dira Debara, ezta?
Bai, lehen haien falta sumatzen nuen gehien. Orain pozik gaude denok. Semeak gustura dabiltza eskolan, euskaraz hitz egiten dute han; oraindik ez dakite gaztelaniaz. Etxean, berriz, urduz (Pakistango hizkuntza) hitz egiten dugu.

Itzultzeko asmorik bai egunen batean?
Jaioterria ez da sekula ahazten. Hemen oso pozik nagoen arren, familiako kide eta lagun asko han ditut eta, noski, oporretan bisitan joango gara. Baina bizitzera ez, dagoeneko debartzat dut nire burua eta nire familia ere hona moldatuko da,
debar izango dira.