Iker Lauroba eta Beste Urtaroak taldeak zuzeneko emanaldia eskainiko du Itziarren

Berriketan 2021ko urr. 23a, 12:10
Itziarko Auzo Udalak Iker Lauroba eta Beste Urtaroak taldearen kontzertua antolatu du datorren astean, urriaren 29an (ostirala), 19:30ean Burugorri aretoan.

Bakarlari moduan zein taldean, ibilbide oparoa duen musikaria da Iker Lauroba donostiarra. Oraingoan, bere proeiktu musikal berria aurkeztera dator Itziarra, Leire Letu, Olaia Inziarte, Urbil Artolak eta Llillena Susselen konpainian.

Proiektu berrian Iker Laurobaren orain arteko diskoetako abestiak hartu eta folk esparrura eraman dituzte, horretarako instrumentu ezberdinak erabiliz (gitarra, pianoa, lap-steel, ukelelea, banjoa, cavaquinhoa). Taldearen hitzetan “beste herrialdeetako instrumentuak gure kulturan txertatu nahi izan ditugu. Une berean urtaro ezberdinak dira munduko hainbat lekuetan, eta nolabait denak elkartu nahi ditugu gure musikan”.

Antolatzaileek adierazi dutenez, sarrerak egunean bertan, aurrez-aurre erosteko aukera egongo da. Baita online bidez, aurrez, bost euroan, hemen sakatuta. Erreserbak egiteko, ondorengo telefonoa abiarazi dute: 943 19 92 55 (08:00–15:00).