ELKARRIZKETA

Igon Mancisidor kirolaria: “Egoera nahasi honetan kirola egiteak ondo sentiarazten nau, berdin zait gauez edo euritan”

Berriketan 2022ko api. 4a, 09:00
42 urte ditu Igon Mancisidorrek eta CAF enpresan egiten du lan, Kalitate Sailean, baina naturan murgiltzea du afizio nagusi. Zazpi urtez eskubaloian aritu ondoren, triatloian hasi zen orain dela 20 urte. EAEko probak dastatu ostean, segituan Ironman distantziara egin zuen salto: Zumaia eta Debako Triatloi taldeetan, 10 proba luze burutu zituen Niza, Lanzarote, Enbrunman eta Ironcaten (3,8 km igeri, 180 km bizikletan eta 42 km saltaka). Familia osatu zuen laster, eta horrek, norbere aisialdirako denbora mugatuta, mendi-lasterketen mundura gerturatu zuen. Jo eta ke dabil ordutik aldapan gora eta behera Alpe, Pirinio eta gure mendikateetako eremu basatiei erronka joz.

Udarako gogor entrenatzen ari zarela entzun dugu, mendi-lasterketa luze bat prestatzen…
Gogor ez, baina bai Swispeaks (367 km eta 26000m+) abentura osatzeko oinarriak jartzen, 70-80 minutu egunero, astero, urte osoan zehar. Gakoa hor dago, karga handirik ez sartu arren egunero zerbait egitean, pixka bat bakarrik bada ere.

2002an ekin zenion kirol-ibilbideari Urgazi Elgoibarko klubean duatloi eta triatloietan parte hartuz. Egun, mendi-lasterketetan zabiltza. Zergatik aldaketa hori?
Familia osatzen hasteak norberaren denbora librea erabat murrizten du. Korrika egite soilak denbora gutxi eskatzen du eta beti atera daiteke tartetxo bat lan profesionala eta etxeko lanak ondo uztartuz. Mendia oso dibertigarria da lasterka egiteko; errepidea aspergarriagoa.

Mendiak omen dituzu gustuko, eta eremu basatiak, oro har. Horrekin batera, iraupenezko erronkak…
Distantzia luzeak bereziak dira: adiktiboak. Horri Pirinio edo Alpeen edertasuna gehituz gero, esperientziak puntu asko irabazten ditu. Popularron mailan, 12 ordutik goragoko probek abentura kutsua hartzen dute, eta hori da interesgarria. Finisher (amaitzen duena) izateko ekuazioan % 20 entrenamendua litzateke, % 20 nutrizioa eta % 60 burua, motibazioa, esperientzia eta arazoei aurre egiteko gaitasuna. Pasa den abuztuan, 227 km-ko nonstop proba batean, bigarren gauean, lo faltaren ondorioz aluzinazioak jasan nituen: jendea, sugeak, gazteluak… ikusten nituen, eta han ez zegoen ezer. Muga horien bila esperimentatzen jarraitu nahiko nuke goputzak lagunduz gero. Eskozian Cape Ultra, Spine Race, Tor des Geants, Artikoan Rovaniemin. Zerbait berezia eskaintzen duten lasterketak aukeratuko ditut.

Mendi-lasterketa eta igoera herrikoi ugaritan hartu izan duzu parte, bertako (Arnotrail, Apuko ultratrail, Mendaroko mendi-lasterketa, Zegama-Aizkorri, Hiru handiak…) zein kanpokoetan (Course de la Rhune, Ultratrail du Montblanc…); bereziena zuretzat?
Gogortasunari dagokionez Canfranc-Canfranc (100 km); jendetza, giroa eta kirol maila kontuan hartzen baditugu, aldiz, Zegama-Aizkorri; antolakuntza aldetik, Beasaingo Ehunmilak aipatuko nituzke; eta bihotzean dudana, berriz, Zestoako Akuako bira, 10 txapel ditut bertan eta oroitzapen gogoangarri asko!

Badira urteroko dituzun lasterketak; Kilimon Trail edo Zegama-Aizkorrin, adibidez, 10 aldiz hartu duzu parte. Aurten ere izena eman al duzu?
Kilimon Trail-eko lan taldea oso jatorra da, urtero egoten naiz joateko gogoz. Zegaman zaila da hamar urtez lehen 100 korrikalarien artean sartzea, eta horrek hurrengo ediziorako dortsala ematen dizu. Orain arte lortu dut behintzat, eta aurten ere badirudi festa itzela izango dela.

Baduzu entrenatzeko mendi-bide, txoko kuttunik? Nola entrenatzen zara?
Deba inguruak paraje zoragarriak ditu oinez ibiltzeko edo lasterka egiteko. Andutz, Arbil, Mendata, Lastur ta hainbat eta hainbat bidezidor. Ezin kexatu. Entrenamendu aldetik errepidea eta mendia uztartzen ditut, % 80 korrika eta % 20 bizikleta.

Hainbeste ordu saltaka, asko gauez… Alderdi psikologikoak ere izango du bere pisua.
Egungo egoera nahasi honek, eguneroko estresak, arazoek… ez dute laguntzen. Motibazio positiboa mantenduz eta lan eginez proiektuak aurrera ateratzen dira. Bi egun biziko bagara ere egin ditzagun behintzat interesgarri. Kirola egiteak, beste askori gertatzen zaion bezala, ondo sentiarazten nau. Berdin zait zein ordutan, euritan, elurretan, edo gauez egin.

Hiru seme-alabaren aita zaitugu, horrez gain lan ere egiten duzu… Nondik ateratzen duzu hainbeste denbora?
Emaztea ere korrikalaria da eta nahiko ongi moldatzen gara. Txandaka kirola eginez eta lanak eta umeen zaintza partekatuz. Normalean goiz jaikita luzatzen ditut saioak asteburuetan. Makina bat egunsenti dastatu izan ditut mendian!

Herrian kirolak bizi duen egoera nola ikusten duzu?
Nik 15 urterekin inguruko herrietara joan behar izan nuen bezala, orain ere gure gazteek inguruetara mugitzen jarraitzen dute. Gabezia asko dago Deban. Denontzat mesedegarri izango litzatekeen igerilekuak egin gabe jarraitzen du. Arraun, piragua eta kayak-zaleek, hainbeste urteren ondoren, azpiegitura duinik gabe jarraitzen dute, gurea kostako herria izanda; penagarria da, benetan. Ez legoke batere gaizki Debabarrenean erreferente izan litezkeen skate roller (gurpildun patin) instalazioak egitea, herriko lurzorua hobetzea, zumardiko eremu zabalari etekin handiagoa ateratzea, Deba-Lastur-Itziar-Elorriagako eremuan Trail eta BTT ibilbideen estazioa sortzea, beste kirolak ere bultzatzea, eta gazteei doako aukerak ematea, besteak beste. Badago zer egina.

Mendi-lasterketetan hasiberri diren gazte eta helduei zer esango zenieke?
Dudarik gabe aurrera egitera animatzeko, norberaren gaitasuna ibilbideari egokituz: gora oinez edo makilak erabiliz, behera trotean edo korrika, pixkanaka sasoia hobetuz eta gero eta gehiago gozatuz! Ez dakit egingo den, baina abuztuan Itziar Trail egiten bada badaukazue helburu berri bat!

Laguntzarik, babes ekonomikorik ba al dago trail edo mendi-lasterketetan?
Laguntzak izan ditut, bai, material arloan, baina gabiltzanon artean % 5ek izango du bidaiatzeko eta gastuei aurre egiteko adinako diru-laguntza. Asko hazi da trail mundu/merkatu/korrikalari poltsa, baina baita prezioak ere. Hona lasterketen kostuen adibide batzuk: Zegama/Gorbea Suzien (70 euro), UTMB Montblanc (300 euro), Swisspeaks (850 euro), Spine Race (1500 euro), eta Marathon des Sables (3170 euro).
Epe motzera eta luzera zer asmo dituzu?
Apirilean Kilimon Trail; maiatzean, berriz, Azpeitian jokatuko den Euskal Herriko Ultra Txapelketa (Domusa Teknik) eta Zegama-Aizkorri; eta uztailean Ehunmilak Ultra Trail Beasainen Suitzarako prestatze bidean.

Pandemiak azalarazi digu naturaren besarkada behar dugula, airea arnastu, itsasoa sentitu, mendia inguratu, gorputza eta zentzuak bizirik mantendu. Merezi du eta eutsi horri, osasun fisiko eta mentalaren peskizan, norberak dauka-eta bere eguneroko jarrera aukeratzeko giltza.