Igande honetan ospatuko da Itziarren Jubilatuen Eguna

Berriketan 2022ko uzt. 19a, 12:50
Bi urteko etenaldiaren ondoren, aurten ere, horretan aritzen den batzordeak Jubilatuen Eguna antolatzeari ekin dio, “juntadizoa” biziberritzeko asmotan, eta igande honetan izango da, azkenean, Jubilatuen Eguna Itziarren.

Honako hau izango da egunaren egitaraua:

12:30ean Meza Nagusia izango da, eta horren ostean, Andutz Dantza Taldearen aurreskua Debako txistulariekin batera herriko plazan.

Bazkalaurretik, bertsolarien saioa izango da Salegi jatetxean, Iñigo Eizagirre “Olabe”, Aitor Zubikarai “Burugorri” eta Ander Zulaika bertsolarien eskutik. Ondoren, bazkaria izango da, Salegi Jatetxean bertan, honako menuaz: arroz melenga otarrainekin, legatz solomoa kokotxekin, pantxineta eta izozkia, kafea, infusioak eta etxeko ardoa. Bazkalostean, berriz, erromeria izango da Ostolaza eta Lutxurdiorekin.

Aurten ere, izango dira omenduak: Axun Agirregabiria Agirregabiria, Eugenio Zulaika Idiakez eta Joxepa Arozena Egaña.

Bazkaritarako txartelak Itziarko harrera bulegoan daude salgai bihar arte eta bertako jubilatu eta pentsiodunek 15 euroan eskuratu ahal izango dituzte, gainerakoek, berriz, 35 euroan.

8:00etatik 15:00etara dago harrera bulegoa zabalik, astelehenetik ostiralera (10:00etatik-13:00etara presentziazkoa). Telefonoa: 943 19 92 55