Hondartzan erabiltzaileek uzten duten zaborra ikusgai utzi da gune batean lau egunetan garbiketa etenda

Berriketan 2022ko uzt. 19a, 10:51

Ur (h)ondoa garden kanpainaren barruan, itsasoaren azpia, ibaiertza eta hondartza zaborrez eta plastikoz garbitzeko askotariko ekimenak antolatu ditu Udalak hainbat eragilerekin. Azken egunotan kontzientziazioa lantzeko ekimen bat ere egin da, Santiago hondartzako gune batean pilatzen den zaborra begien bistan lagaz.

Sare sozialen bitartez hondartzako erabiltzaileek hainbat kexa eta galdera zabaldu dituzte asteburuan, eta Udalak astelehenean eman du azalpena prentsa-ohar batean: lau egunez, Santiagoko hareatzaren mendebaldeko erdia garbitu gabe laga da, goizean hondartzara joaterakoan, jendeak ikus zezan zenbat zabor lagatzen dugun botata. Hori omen da, gainera, gehien zikintzen den hareatzaren eremua.

Udaletik gogorarazi duten bezala, ibaian eta itsasoan aurkitzen ditugun hondakinak hondakin arinak dira, pisu gutxikoak, plastikoak gehienak, haizeak edo euriak eramanak. Gure herriko eta ibaiaz gorako herrietako kaleetan sakabanatutako plastikoak, zuzenean edo estolderian zehar ibairaino iristen dira.

“Hondartzan sortzen den zaborraren jatorria, berriz, desberdina da. Hondartzaren erabiltzaileok, bertan gauden denboran, sortzen ditugun hondakinak dira. Eta horiek egoki jasotzeko, hondakin mota bakoitzak bere edukiontzia du hondartzaren sarreran, eta goizero zein arratsaldero hustu egiten dira edukiontziok. Baina, hala ere, hondartza-eguna amaitzean hondarretan hondakin asko geratzen dira (aluminiozko papera, bilgarriak, zigarrokinak, freskagarri-latak…). Gainera, horietako batzuk nahita lurperatzen dira hondarretan”, nabarmendu dute.

“Debako Udalak jakin badaki uda honetan zakarrak jasotzeko edukiontzi-puntuak indartu behar direla, eta horretan ari da lanean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera —azpimarratu du—. Maiz ahaztu egiten dugu hondartza naturagune bat dela, hainbat izaki bizi direla, eta zikindu eta kutsatu egiten diegula euren etxea, euren habitata. Hondartzatik irteten garenean, hortaz, eraman ditzagun gure hondakinak, gutxienez, pasealekuko edukiontzietara”.