Hondarribira irteera antolatu du Arbil Jubilatu Elkarteak

Berriketan 2023ko ots. 14a, 11:39
Herrian zehar bisita gidatua egingo dute lehendabizi, eta Astigarragako Petritegi sagardotegian bazkalduko dute ondoren. Izena emateko azken eguna astelehena (otsailak 20) da.

Arbil Jubilatu Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, otsailaren 22an egingo dute irteera. Hondarribia ezagutzeko bisita gidatua egingo dute lehendabizi, eta, herriak eskaintzen duena ikusi ondoren, sagardotegian bazkaria ere egingo dute. Zehazki, Astigarragako Petritegi sagardotegian batuko dira irteeran parte hartuko dutenak.

Irteeran parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar da. Astelehenean (otsailak 13) zabaldu zuten izena emateko epea, eta iragarri dutenez, osteguna (otsailak 16) eta astelehena (otsailak 20) izango dira horretarako azken egunak. Jubilatu elkarteak Berasaluze Plazan daukan egoitzan izena eman behar da, eta horretarako ordua ere ezarri dute: 11:00etatik 12:30era egongo da zabalik bulegoa. Pertsona bakoitzeko 40 euro ordaindu beharko da, eta prezio horren barruan garraioa, bisita gidatua eta sagardotegiko menua sartzen direla esan dute.

Ohi modura, irteerara joateko autobusa egongo da. Lehen geldialdia Deban egingo dute; 09:00etan jarri dute hitzordua zumardian, hondartza sarreraren alboan. Ondoren, Itziarko bizilagunen txanda izango da; 09:15ean jasoko dituzte hango bizilagunak.