Uztailaren 1ean, Kultur Elkarteko plazan eskainiko duten yoga tailerrarekin hasiko da bidea egiten aurtengo programazioa, eta abuztuaren 5ean garai bateko bale talaiak ezagutzeko egingo den irteera gidatuarekin amaituko da. Gure Girok iraungo duen bost asteetan, dena den, “mimo handiz” prestaturiko izaera ezberdineko beste hainbat hitzordu izango dira aukeran.
Kultur eragile eta sortzaileen dinamikak aktibatu, taldeen arteko sinergiak indartu eta herriko kultur eszenaren baitako proiektu ezberdinak garatzeko tresnak sortzeko helburuarekin jaio zen duela bi urte Gure Giro egitasmoa. Hasierako balore haiei eutsita eta, eskura dituzten tresna guztiak baliatuta, aurten ere askotariko hitzorduak hartuko ditu bere baitan Gure Giroren programazioak.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten ere Kultur Elkartea izango da jarduera gehienen topagune. Elkarteko espazio ezberdinek beste behin ere formatu txiki eta ertaineko ekintzak hartuko dituzte. Baina, Kultur Elkarteko espazio horiez gain, Gaztetxean eta Ispiluen gelan ere egingo dira beste ekintza gutxi batzuk.
Publiko zabalari begirakoak
Antolatzaileek azpimarratu dute bertoko kultur sortzaileen lanari garrantzia eman eta beraien jarduna herrian aurkezteko aukera ematea dela egitasmoaren beste helburuetako bat. Hala, hainbat izango dira oholtzan edo ekintzen ardura izango duten herritarrak: Alex Turrillas Aranzeta, Lourdes Gonzalez, Blues tailerreko musikariak, Pako Salegi, Josu Salegi eta Iñigo Ruiz de Gordejuela jazz musikariak, Hecetu Welo eta Dawanada rock taldeak…
Ahalegin horretan, gainera, programazioan bildu dituzten ekintza horiek guztiak belaunaldi eta profil ezberdineko herritarrei zuzenduta egongo direla ere gogorarazi dute. “Herritarren erantzuna ona izatea espero dugu”.