Hizkuntza ardatz harturik hamaika ekimen jasotzen dituen egitaraua antolatu dute Euskararen Egunaren harira

Berriketan 2021ko aza. 17a, 11:15
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Zuhatza Euskara Elkarteak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean, euskararen erabilera sustatzea helburu, hamaika egunean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Abenduaren 1ean hasi eta abenduaren 12ra arte kultura, kirola eta aisialdiko zenbait eskaintza izango dira herrian aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izateko eta herritarron artean euskal harreman-sare berriak eraiki ahal izateko.

Programazioari ekiteko, abenduaren 1ean, asteazkena, Debako hizkera noiz eta nola hitzaldia izango da Jesus Mari Makazaga euskal filologo eta EHUko irakaslearen eskutik, 18:30ean. Ostegunean, hilak 2, “Mintzodromoa” eta luntxa izango dira Agirre Jauregiko Ispiluen gelan, 18:00etan. Bertan, adin guztietako herritarrek gai desberdinez solasaldian aritzeko aukera izango dute.

Euskararen Egunean, abenduak 3, ostirala, goizez, Zuhatzak eta Mendata ikastetxeak elkarlanean antolatzen duten literatur txapelketako sari-banaketa izango da Mendatan. Arratsaldez, berriz, 19:30ean, Kalean Kantuz taldea arituko da kalez kale giroa alaituz, musika eskolatik abiatuta; horrekin batera, Zuhatza Euskara Elkarteak material salmentarako postua jarriko du plazan Egin zaitez Zuhatzakide lemarekin eta apustu berezi bat ere egingo dute. Larunbatean, hilak 4, arratsaldez, 19:00etan, Euskaraokea izango dute gaztetxoek Gaztelekuan, euskaraz kantuan aritzeko aukerarekin.

Abenduaren 5ean, igandea, arratsaldez, Ilargi guztiak filma proiektatuko da Kultur Elkartean, gaztelaniazko azpitituluekin. Ostiralean, abenduak 10, iluntzeko 20:00etan, jazz kontzertua izango da Kultur Elkarteko aretoan, KulturEkin programaren baitan, Xahu taldearen eskutik. Larunbatean, hilak 11, goizez “MintzaCapoeira” eta “MintzaSurf” saioak izango dira, horietan euskaraz jardunez capoeira eta surfa ikasteko aukera izango da. “MintzaCapoeira” familian egiteko saioa izango da, eta Ikigai zentroan emango da, 11:00etan; MintzaSurf, aldiz, 16 urtez gorakoei zuzenduta egongo da eta Zurrunbiloren lokaletik abiatuko da, 11:00etan. Egun berean, arratsaldez, 16:00etan, Amaikak Bat herriko futbol taldeak, Euskararen Egunari keinu eginez, partiden atsedenaldietan “Erronka: euskararen aldeko gola” ekintza egingo du Errota Zarren (abenduaren 18ko partidan ere ekimena errepikatuko da). Iluntzean, berriz, kontzertua izango da Gaztetxean.

Azkenik, abenduaren 12an, igandea, goizez, herritarrek ipuin kontalarien emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute Kultur Elkarteko liburutegian. Debako kontalariek eskainiko dute saioa.