Hiru eguneko irteera antolatu du Kolore Anitz Aisialdi Taldeak

Berriketan 2022ko mar. 31a, 13:08

Apirilaren 22tik 24ra bitartean, Espejoko Aterpetxera (Araba) hiru eguneko txangoa prestatzen dihardu Zuhatza Euskara Elkarteko Kolore Anitz Aisialdi Taldeak. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako deialdia da. Parte hartu nahi duten gaztetxoek bihar arratsaldean eta etzi goizean eman ahalko dute izena.

“Ekintza berri ugari, barre algarak, lagun berriak, korrikaldiak, gaubelak…” egiteko proposamena dakarte oraingoan Kolore Anitz taldeko begiraleek. LH 5- LH6 bitarteko gazteei zuzendutako deialdia egin dute, Aste Santuko azken txanpan Arabara joan eta aisialdiaz gozatzeko beste aukera bat eskainiz.

Irteeran parte hartu nahi dutenek bihar (apirilak 1), 17:00etatik 19:00etara, edo etzi (apirilak 2), 11:30etik 13:30era, udaletxe azpira jo beharko dute; aurrez banatutako izen-emate orriarekin batera, ordainketaren ordainagiria aurkeztu beharko dute bertan. Txangoaren prezioa 75 eurokoa da (ostiraleko afaria, larunbateko otordu guztiak, igandeko bazkaria, aterpetxeko bi gauak eta autobusean joan-etorria sartuta daude prezioan); Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideek (guraso edota haurrek) bost euroko deskontua izango dute.

Guztira 55 lagunentzako plazak izango dira irteeran. Diru-sarrera egin eta lekurik gabe geratu diren haurren familiei dirua itzuliko zaiela azaldu dute antolatzaileek.