Hiru debar, Basque Crossfit Txapelketaren final handira begira

Berriketan 2022ko aza. 3a, 11:35

Ane eta Iñigo neba-arrebek eta Aitor Ibarluzeak hilaren 4, 5 eta 6an jokatuko den Basque Crossfit Txapelketaren finalean aritzeko merezitako txartela eskuratu dute.

Modako kirol bihurtu da crossfit-a. Intentsitate handian, indarra eta erresistentzia uztartzen duten askotariko ariketa funtzionaletan oinarrituriko entrenamendu modalitate espezifikoa da. Urte oso gutxian, gero eta jarraitzaile gehiago lortu ditu Euskal Herrian. Horren adibide da, hain zuzen, Bilbon estreinakoz egingo duten Basque Crossfit Txapelketa ere; Euskal Herriko eta Espainia mailako atleta eta talderik onenak hartuko ditu azaroaren 4, 5 eta 6an Bilbao Arenan jokatuko den txapelketak.

Norgehiagoka berri horretan bakarka parte hartuko dutenen artean hiru debar daude: Iñigo eta Ane Falagan neba-arrebak eta Aitor Ibarluzea. Aurrez Internet bidez gauzatu diren bi sailkatze faseetan egindako lan onari esker, finalean aritzeko txartela eskuratu dute. Gizonezkoen RX kategorian lehiatuko da Iñigo Falagan, eta Ane Falagan eta Aitor Ibarluzea, berriz, eskalada kategorian lehiatuko dira.

Ezkerretik eskuinera: Iñigo Falagan, Ane Falagan eta Aitor Ibarluzea.

Finalean sartzeko ahaleginetan ehunka atleta aritu badira ere, soilik 40 atleta lehiatuko dira hiru kategoria horietan, eta horien artean daude hiru debarrak. Antolatzaileek proposatu dituzten mugimendu eta ariketa gimnastikoak ondo egin ostean, gainera, aurreneko postuetan amaitu dute sailkapen fasea: Ane Falagan bere kategoriako onena izan da, eta Aitor Ibarluzeak eta Iñigo Falaganek, berriz, bederatzigarren amaitu dute.

Txartela lortzea ez dela “erraza” izan dio Ibarluzeak. “Lehenengo proba igaro arte ez nengoen oso ziur, baina bigarrena egin ostean, banekien hurrengo fasera igarotzeko aukerak nituela”. Duten esperientzia kontuan hartuta, Falagan neba-arrebek finalean egotea espero zuten. “Sailkapen fase baterako prestatzea eta hori grabatzea gogorra izaten da beti, baina espero nuen aukeratutakoen zerrendan sartzea”, azaldu du Iñigok. Lehenengo bideoa grabatu eta gero nahikoa lasai zegoela dio Anek. “Lehenengo postua lortu nuenez, ziur nengoen aurrez aurreko faserako sailkatuko nintzela”.

Final handian sartzea amesten dute hirurek eta, emaitza alde batera lagata, argi dute azken fasean “onena” ematen eta esperientziaz gozatzen saiatuko direla

Finalera begira “urduri” jartzen hasita daudela aitortu dute hirurek. Ibarluzearentzat, esaterako, txapelketa batean parte hartzen duen lehen aldia izango da: “Lehenengo txapelketa denez, garrantzi handia du niretzako. Batez ere, dudan maila ikusi eta orain arte egindako lana erakustera emateko balio izan dit”. Falagan neba-arrebek, berriz, esperientzia gehixeago dute. Anek parte hartuko duen bigarren txapelketa izango da honakoa. Iñigorentzat, aldiz, parte hartuko duen hirugarrena izango da. “Bakarka parte hartuko dudan bigarrena izango da Bilbokoa”.

Final handian sartzea amesten dute hirurek eta, emaitza alde batera lagata, argi dute azken fasean “onena” ematen eta esperientziaz gozatzen saiatuko direla. “Orain arte entrenatutako guztia erakusteko momentua izango da. Dena ematera aterako naiz eta final handira iristea espero dut. Garrantzitsuena, baina, txapelketaz gozatzea dela iruditzen zait, eta, aldi berean, ditudan akatsak ikusi eta zuzentzea”, azaldu du Ibarluzeak.

Aurrez aurre jokatuko duten finalean “ondo pasatzea” eta bere esku dagoen guztia “ahal denik eta ondoen” egitea da Ane Falaganen nahia. “Ez ditut beste atletak ezagutzen, ezta bertan egin beharko dugun lana ere. Beraz, ezin dut esan finalera iritsiko naizen ala ez, baina podiumean egoten saiatuko naiz”. Iritzi berekoa da bere neba ere. “Final handian sartzea da nire nahia, baina hori ez dago nire esku. Dena emango dut, eta ahalik eta txapelketa onena egiten saiatuko naiz. Sailkatu ala ez, beste atleten mailaren araberakoa izango da”.