Hezitzaileentzako II. Jardunaldiak antolatu ditu Kukulaisik Ermuan datorren urtarrilaren 28an

Berriketan 2023ko urt. 17a, 10:55

Formazioa Topaguneko SENDI lan-taldeak, UEMAk eta Urtxintxak eskainiko dute.

Kukulaisi aisialdirako topaguneak Hezitzaileentzako II. Jardunaldiak antolatu ditu. Urtarrilaren 28an izango dira topaketak, Ermuko Izarra Centren, Nahi dugun aisialdi eredura jauzi! lelopean. Eta, hori hala, Ermua aisialdi arloko eragileek elkarrengandik ikasteko topagune bihurtuko da hitzorduan.

Formazio egun “aberats eta aberasgarria” izatea espero dute antolatzaileek, eta oraingoan hitzaldiak baino, tailer dinamikoak, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko abagunea ematen dutenak izango dira protagonista. Bi gai nagusi landuko dira: hizkuntzen trataera lehenik, eta hezkidetza, ostean, arreta bereziki harreman sexu-afektibo eta botere-harremanetan jarrita. Topaguneko SENDI lan-taldea, UEMA eta Urtxintxa izango dira formazio emaileak.

Goizeko 10:00etan hasita, Kukulaisiren agurraren ostean hizkuntzen gaia landuko da jardunaldien lehen partean. Ondoren, bazkaltzeko etenaldia egingo da 14:00etan, eta eguneko bigarren ardatzari helduko zaio gero. Aisialdia espazio libre, hezitzaile eta hazteko espazio gisa irudikatzen du Kukulaisik, eta horretarako, parekidetasunean oinarritako aisialdi feminista eraiki nahi du. 

Jardunaldien inguruko informazioa, egitaraua eta izen-ematea Kukulaisiren atarian dago eskura.