Herriko haurrak euskal inauterietan murgilduko dira Kolore Anitzen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2023ko ots. 17a, 15:26

Inauterietako egitarauari beren ekarpena egin nahian, Zuhatza Elkarteko Kolore Anitz taldeak bi ekintza prestatu ditu gaurko (otsailak 17). 18:30etik 20:00etara, udaletxeko arkupeetan bilduko dira parte hartzaileak.

Gaur (otsailak 17) hasiko dituzte Deban inauterien bueltako ospakizunak, eta horrekin lotuta, iluntzea giro onean igarotzeko bi ekintza antolatu dituzte Kolore Anitzekoek. Haur Hezkuntzako ikasleek, esaterako, jolas txokoan aritzeko aukera izango dute eta Lehen Hezkuntzako ikasleak, berriz, herriko kaleetan zehar egingo den pista jolasean ibiliko dira. Parte hartzea sustatuz, euskal inauteriak ezagutzera ematea eta pertsonaia horiei buruzko jakintzan sakontzea da ekintzaren helburua nagusia.

Aisialdi taldeko begiraleek zehaztu dutenez, Haur Hezkuntzako ikasleentzat eskulanak egiteko txoko bat antolatu dute. “Euskal inauterietako pertsonaiak irudikatzen dituzten maskara batzuk sortu ditugu. Ekintzan parte hartuko duten ikasleek maskara horiek margotu eta prestatuko dituzte, horiek, gero, mozorro modura erabiltzeko”. Gaineratu dutenez, askotariko pertsonaiei buruzko maskarak egingo dituzte. “Mielotxin, zaldikoak, joaldunak, txatxoak… eta antzerako pertsonaiekin prestatu ditugu maskarak”.

Lehen Hezkuntzako ikasleak, berriz, pista jolasean ibiliko dira. Ekintza horretan aurrez izena eman behar zen, eta esan dutenez, zortzi pertsonaz osatutako bederatzi taldek izena eman dute. “Parte hartzaileek leku batetik bestera ibili beharko dute guk proposatutako pistak batzen. Agindutako leku horietan argazki bat aurkitu beharko dute. Ezkutatuta dauden argazki horietan euskal inauterietako pertsonaiak azalduko dira, eta parte hartzaileek argazki horretako pertsonaia zein den asmatzea izango da erronka”.