“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra eskualdeko saltoki txikietan ezarriko du orain Mankomunitateak

Berriketan 2022ko ots. 15a, 18:20

Iazko urrian azalera handiko saltokietan egin zuen lanketa bera egingo du orain Mankomunitateak eskualdeko saltoki txikietan, Debabarreneko kolektibo desberdinen birziklapen ohiturak hobetzeko helburuarekin.

Mankomunitateak azalera txikiko saltokiek gaikako bilketarekiko duten konpromisoa neurtuko du datozen hilabeteetan, eta erraztasunak ere emango dizkie hondakinak modu egokian birziklatzeko. “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra eman eta aitortza publikoa egingo die hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei.

Iaz azalera handiko saltokietan egin zen lanketaren jarraipena izango da hau. 2021eko urrian azalera handiko saltokien birziklapen ohituretan jarri zuen arreta Mankomunitateak, eta 37tik 34k lortu zuten “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra, hondakinak gaika birziklatzeko ohitura egokiengatik. Mankomunitateak saltoki bakoitzaren gaikako bilketaren datuak lortu zituen eta, bere esanetan, datu horiek oso baliagarriak izango dira etorkizunean gaikako bilketa hobetzeko eman beharreko urratsak identifikatzeko.

Aurten, aldiz, azalera txikiko saltokietan jarriko du arreta. Eskualdean dauden saltoki txikien kopurua handia denez, elikagaien sektoreko saltoki txikietatik hasiko da Mankomunitatea, hauek baitira hondakin kopuru gehiena sortzen dutenak. Guztira elikagaiak saltzen dituzten 214 saltoki txiki identifikatu ditu Mankomunitateak: fruta-dendak, janari-dendak, okindegiak, arrandegiak, harategiak…

Saltokietara bisitak gaikako bilketarekin duten konpromiso maila neurtzeko

Azalera txikiko saltoki hauek gaikako bilketarekiko duten konpromiso maila neurtuko du Mankomunitateak, hobetu daitezkeen ohiturak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko. Horretarako, hiru aldiz bisitatuko ditu saltokiak. Lehen bisitan egitasmoa azalduko da, eta hurrengoetan birziklapen ohituren jarraipena egingo da. Bisitak otsailaren 14an hasiko dira eta eskuorriak prest ditu saltokiei egitasmoa azaltzeko eta informazioa helarazteko.

“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei

“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra emango die Mankomunitateak hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei, ingurumenarekiko duten errespetua berresten duen ziurtagiri gisa, eta aitortza publikoa egingo zaie: azken bisitaren ondoren, ikurra lortu duten saltokien zerrenda argitaratuko da Mankomunitatearen webgunean, eta saltoki bakoitzari sarrerako erakusleihoan ipintzeko pegatina bat emango zaio, bezeroek ere saltokian birziklapen ohitura egokiak errespetatzen direla jakin dezaten. Ondoren, saltokien birziklapen ohituren jarraipena egingo da, egoki birziklatzen jarraitzen dutela bermatzeko.