Hego Korean eta Japonen aritu da Neomak, Sua musika taldearekin kontzertu biran

Alaitz Eskudero debarra kide duen Neomak taldea Hego Korean eta Japonen izan da urriko lehen hamabostaldian, Sua taldearekin batera. Kontzertuak Seulen, Tokion eta Minakamin eman dituzte.

Ikasturte hasiera berezia izan dute Neomak eta Sua euskal taldeek, Hego Koreako eta Japoniako jaialdi eta areto esanguratsuetan hainbat kontzertu emanez. Seulen eman zioten hasiera birari, urriaren 6an, eta hilaren 15ean Minakamin egin zuten azken zuzenekoa.

Hilabete honetan bertan, urriaren 28an hain zuzen, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-ko (BEC) erabilera anitzeko Bizkaia Arena pabilioian egingo den Ura Bere Bidean 2023 ekitaldian ere parte hartuko du Neomak-ek. Estilo eta belaunaldi anitzeko artista ugarik jardungo dute oholtza gainean, eta tartean izango dira, besteak beste, Neomak-eko kideak ez ezik, baita S√ľne ere (Josune Arakistain lasturtarra).

Aioiai abesti eta bideoklip berria

Bestalde, Neomak-ek Aioiai izenburuko abestia eta bideoklip berria ere plazaratu ditu irailean. Sustraitzat dituen musika tresna tradizionalak alde batera utzi gabe, beste soinu, dinamika, estilo eta estetika batzuk bilatu nahi izan ditu taldeak lan berrirako. Ekoizpenaz Jimbo Paez arduratu da eta grabazioa Haritz Harreguyren estudioan egin dute; bideoklipa, aldiz, Badator etxeak ekoiztu du, Ane Berriotxoaren zuzendaritzapean.