Haur, gazte eta helduentzako euskarazko aisialdi eskaintza zabala antolatu dute

Berriketan 2022ko ira. 21a, 11:35
Ostirala (irailaren 23) da 2022-2023 ikasturterako eskolaz kanpoko ekintzetan eta Gozatuz programan izena emateko azken eguna.

Debako Udalak, herriko hainbat eragile eta ikastetxerekin elkarlanean, eta euskara oinarri hartuta, haur, gazte eta helduentzako aisialdi programa antolatu du beste urte batez. Alde batetik, 16 urtetik beherako haur eta gaztetxoei zuzendutako eskolaz kanpoko ekintzak eta jarduerak antolatu dituzte, eta, bestetik, Gozatuz programa osatu dute 16 urtetik gorakoentzat.

LH1 eta DBH4 mailetan dauden ikasleei zuzendutako eskolaz kanpoko eskaintza publikoari dagokionez, aisialdia eta kirola oinarri hartutako askotariko ikastaroak eskainiko dituzte. DBHko gazteentzat, gainera, Gaztelekuak ere eskainiko ditu jarduerak.

Kirol arloan hiru programa eskainiko dira: Jolas Hezi-Eskola kirola LH1-LH2koentzat, Multikirola-Eskola Kirola LH3-LH6koentzat eta Gazte kirola DH1-DH4koentzat. Aisialdiari lotuta, eta Gozatuz programaren barruan, ohi bezala, antzerkia, argazkigintza, margolaritza, sukaldaritza eta teknologia tailerrak emango dira. Aurten, berritasun modura, dantza urbanoen ikastaroak ere eskainiko dira.

16 urtetik gorako gazteei eta helduei zuzendutako Gozatuz programan, berriz, antzerkia, argazkilaritza, zizelkatze eta zeramika jarduerak eskainiko dituzte. Gogorarazi dute taldeak aurrera egiteko, ezinbestekoa izango dela, gutxienez, zortzi pertsonako taldeak osatzea.

Bateko zein besteko ikastaroetan izena emateko azken eguna ostirala (irailak 23) da. Matrikula orriak udaletxeko harrera bulegoan, turismo bulegoan edo udal liburutegian utzi daitezke. Internet bidez ere izena eman daiteke. 16 urtetik beherakoei eskainitako ikastaroren batean izena eman nahi dutenek HEMEN klikatu dezakete eta helduentzako ikastaroetan izena eman nahi dutenek, HEMEN.

Informazio gehiago jaso edo zalantzak argitzeko 943 60 80 48 telefonora deitu daiteke. 16 urtetik beherakoei zuzendutako eskaintzari buruzko informazio gehigarria eta izen-emate orria, HEMEN. Gozatuz programari buruzko informazio gehiago eta izen-emate orria, HEMEN.