Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako bi hitzaldi izango dira Deban Treba Gurasoak ekimenaren barruan

Berriketan 2022ko api. 28a, 13:12

Maiatzeko lehenengo hamabostaldian haur eta nerabeen ongizaterako hezkuntza-gaitasun egokiez jabetzeko bi hitzaldi izango dira Deban Treba Gurasoak ekimenari esker.

Maiatzaren 4an izango da lehenengoa, Haur eta nerabeen ongizaterako garapen osasungarri baterako gakoak du izenburua eta Leyre Canok emango du. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Kultur Elkartean.

Bigarrena, berriz, maiatzaren 11n izango da, Arauak eta mugak familian, nola ezarri era asertibo batean izango da kasu honetan hitzaldiaren gaia eta horren inguruan ere Leyre Cano arituko da.

Biak ere haur eta nerabeen gurasoei daude zuzenduta eta  euskaraz izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, udaletako haur, nerabe eta gazteen sustapen-zerbitzuen laguntzarekin, Gipuzkoako gurasoen eskura jarri duen doako prestakuntza-ekimena da Treba Gurasoak.

Programa honek haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetu nahi ditu, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz. Horregatik, gai horren inguruan kezka, interesa edo arazoa duten guraso eta hezkuntza-eragileentzat (guraso-elkarte, hezitzaile…) dago pentsatuta egitasmoa.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, jo hona: zubideba@hotmail.es