Hasi da uda denboraldia

Berriketan 2022ko eka. 15a, 08:30

Gaur abiatu eta irailaren 15ean amaituko da ofizialki uda denboraldia geurean.

Gilen Garcia alkateak azaldu bezala, “herritarrak, bertakoak nahiz kanpokoak, gogo handiz daude hondartza bezalako gune naturalez gozatzeko eta, hori kontuan izanik, Debako Udalak pandemia aurretik zeuden zerbitzu guztiak martxan jarri ditu”. Pandemia aurreko egoerara itzuliko da, hortaz, aurtengo denboraldia.

Lagundutako bainua, dutxak, oinak garbitzeko iturriak eta toldo zerbitzua berreskuratuko dira aurten. Kabinak eta hondartzako zerbitzuak ere martxan egongo dira, eta horiek erabiltzeko txartelak hartu beharko dira, toldoetako kasetan. Bestalde, kirol eskaintza zabala ere egongo da hondartzan. Sorospen zerbitzua 11:00etatik 19:00etara eskainiko da ekainean eta irailean; uztailean eta abuztuan, aldiz, 10:30etik 20:00etara.  

Bestalde, Udalak gogorarazi du ingurumenari lotuta, eta “Ur (h)ondoa garden” sentsibilizazio kanpainaren baitan, hainbat ekimen egingo direla: hondartzako plastikoak bildu, itsasadarreko ibai ertzak garbitu… Larunbat honetan, ekainaren 18an, Sakoneta inguruan ur azpiko plastikoen bilketa egingo da. Uztailean eta abuztuan bisita gidatuak ere egingo dira hondartzan, bertako biodibertsitatea ezagutzeko.